Kazeta

Lan kodearen kontra jotzeko kolektibo berri bat osatu dute

Lan kodearen erreformaren kontra jotzeko kolektibo berri bat osatu dute Ipar Euskal Herrian. Hainbat sindikatuk uda honetan sortu duten taldeak irailaren 12ko mobilizazioan parte hartuko duela iragarri du. CGTk Estatu mailan antolatu den protestara joateko deia luzatu duen bitartean, FO sindikatuak ez du bat eginen.

Denis Dartigoueyte, Sandra Pereira eta Odile Dirachette, CGTko sindikalistak. © Isabelle Miquelestorena
Denis Dartigoueyte, Sandra Pereira eta Odile Dirachette, CGTko sindikalistak. © Isabelle Miquelestorena

Edouard Phillippe Lehen ministroa eta Lan ministroa den Murielle Pénicaudek lan kodearen ordenantzak aurkeztu zituzten abuztuaren 31n. Eraldaketa berriak ezagutu baino lehen, hainbat sindikatu kontra agertu ziren. Hala nola, "Euskal Herriko Fronte Soziala" deituriko kolektibo berria.

Talde honen xedea araudi berriaren aurka jotzea da. CGT Territoriaux Biarritz, Aitzina, Indar Beltza, Solidaires, LAB, EH Bai, Europa Ekologia Berdiak, eta NPA erakundeek kolektiboa osatzen dute. Aipaturiko sindikatuen adar anitzek parte hartzen dute, hain zuzen.

Irailaren 12rako Estatu mailan protesta bat antolatu dute hainbat sindikatuk. Baionan ere protesta baten bidez kontra agertuko dira, horien artean aipaturiko kolektibo berria. Manifestazioa 10.30ean abiatuko da Santa Ursula plazatik. Mobilizazioaz gain, hainbat ekimen prestatu dituzte. Hala nola, irailaren 10erako 11.30ean aperitifa bat proposatuko dute herriko etxearen aitzinean.

Protesta egunean, goizeko 11.30etan sorreraren aurkezpen bat eginen du kolektibo berriak. Ondotik, solasaldi bat izanen da gaurko egoera. Halaber, larrialdi egoeraz eta iraganen diren mobilizazioei buruzko informazioa eskainiko du.

Bi estrategia ezberdin

El Khromri legearekin egin ez bezala, FO Lan Legearen kontra joko duen protestan ez da presente izango. Hain zuzen, sindikatuak irailaren 4a arte erabakia hartzeko epea utzi zien bere kideei. Gehiengoak ekimena ez sostengatzearen alde jo du. Erakundearen xedea heldu diren erreformetan arreta ezartzea da.

CGTk, ordea, bat egiteko deia luzatu du. Funtzionarioei ere parte hartzea gonbidatu die, jakinik Lan Kodeak ez diela eragiten. Denis Dartigoueyte sindikatuen koordinazioaren animatzailea den Danis Dartigoueytek dioenez: "langileen sail baten kontra jotzen dutenean, denen aurka doaz". Haatik, funtzionarioek ere kezkatzeko arrazoiak dituzte. Hala nola, iragarri dituzten postuen murrizketa dela eta.

"Langileen artean izan behar den elkartasunaz gain, gure ezadostasunak plazaratzeko ez lanik egitea eskatu diegu elkargoetako soldatadunei. Irailaren 12an Baiona eta Pauen antolatu diren manifestazioetan parte hartzea galdegin diegu", erantsi du Dartigoueytek.