Kazeta

2017ko sartzea “historikoa” izan dela dio Seaskak

2017ko Seaskako sartzea aipagai izan dute Loli Jacob Lafourcade, Paxkal Indo eta Mañolo Espelletek. “Historikoa” izan dela azpimarratu nahi izan dute hiruek.

2017ko sartzea aipagai izan dute Etxepare kolegioan. © Isabelle Miquelestorena
2017ko sartzea aipagai izan dute Etxepare kolegioan. © Isabelle Miquelestorena

Lizeo berria, lanbide heziketa, Bokaleko ikastola, Baionako kolegioa eta Hendaiako ikastolarendako egoitza berria. Besteak beste, faktore horiek guziek egiten dute 2017ko Seaskako sartzea historikoa. Horren harira, denen “parioa” izan dela dio Seaskako lehendakaria den Paxkal Indok.

Seaskan, ikasle kopurua handituz doala taigabe azpimarratu du. Aurten, 3 686 ikasle badaude Seaskan. Joan den urteko sartzean, 3492 ziren. Aurreikuspenen arabera, ondoko egunetan 3700 ikasleen heina gaindituko dutela espero dute. Hain zuzen ere, bi urteko 70 ikaslek beren sartzea eginen dute ere.

Lehen mailak ezagutu du hazkunde handiena. Angeluko ikastolak 14 ikasle gehiago ditu aurten. Bidarten, Senperen eta Itsasun 10 gehiago dituzte. Bestalde, Hiriburuko ikastolaren eraikuntza berriak arrakasta bildu du. 15 ikasle gehiago dituzte. Basusarrin 12.

Etxepare kolegioa

Etxepare lizeo ohiaren eraikina kolegio bilakatu da aurten. Bere lehendakaria den Loli Jacob Lafourcade, eta kolegioko zuzendaria Mañolo Espellete ikastetxe berria horren sorreraz mintzatu dira. “Abentura” gisa aurkeztu du hori Espelletek. Bere hitzetan “burasoek gogotsu ekin diote parioari eta irakasleek ere gogo biziz eutsi diote erronkari.”

Bere aldetik, Etxepare kolegioaren aurkezpena egin du Loli Jacob Lafourcadek. Laugarren kolegio baten beharra bazela azpimarratu du. Egoitzaren parte berrituan eginen dituzte klaseak. Egoitza zaharra ere arraberritu beharko dela dio. 62 ikasle ditu kolegio berriak, 37 seigarrenean eta 25 bosgarrenean. Heldu den urtean idekiko dute laugarrena eta 2019an hirugarrena.