Iurre BIDEGAIN

Baionako meskita erasotu dute

Iragan asteburuan, igandea eta astelehenaren arteko gauean, Baionako meskita erasotu dute. Baionako prokuradore-ordearen arabera, erasoak ez luke erlijioarekin loturarik.

Kanpotik ez dira ikusi erasoaren aztarnak. ©Bob EDME
Kanpotik ez dira ikusi erasoaren aztarnak. ©Bob EDME

Baionako prokuradore-orde den Marie Hirigoyenek azaldu duenez, duela lau egun gertatu zen erasoak ez luke "erlijionezko konnotaziorik". "Ez da deus dramatikoa", erantsi du.

Baionako meskitaren pareta "arinki" andeatu da. Hain zuzen ere, bere erranetan, aire girogailuaren kontra jo zuten erasotzaileek eta itxura guzien arabera su hartu zuen, paretan aztarna beltzak agertu baitziren. Nahiz eta Hirigoyenek ez duen argitu, baliteke erasotzaileek "koktel molotovak" bota izana, France Bleuk zabaldu duenez.

Meskitako baratzezaina ohartu zen erasoaz. Prokuradore-ordeak azaldu duenez, alkohola botilak aurkitu dituzte gunean berean. Oraingoz, ez dute nehor atxilotu. Baionako komisaldegiak ikerketa bat abiatu du gertatutakoa argitzeko.

Frédérique Espagnac senatari sozialistak eta Colette Capdevielle herriko hautetsi sozialista ohiak gertakariak "fermuki" kondenatu dituzte sare sozialetan.