Iurre BIDEGAIN

EH Bai hirugarren indar bozkatuena abstentzioak gora egin duen hauteskundeetan

EH Bai hirugarren indarra agertu da Legebiltzarrerako hauteskundeen lehen itzulian. Nahiz eta parte hartzea apaldu den, bozen kopuruan gora egin du mugimendu abertzaleak. Bigarren itzuliari begira zer egin erabakitzeko, EH Baiko kideak gaur bilduko dira.

 

Peio Etcheverry-Ainciart eta Anita Lopepe. © Isabelle Miquelestorena
Peio Etcheverry-Ainciart eta Anita Lopepe. © Isabelle Miquelestorena

Ipar Euskal Herriko hiru lurraldeetan lortu duen bozen %10,42ari esker, hots, 12.665 boz orotara, hirugarren indarra agertu da EH Bai. Nahiz eta abstentzio tasak gora egin duen, mugimendu abertzaleak bere emaitzak emendatzea lortu du. Hain zuzen, laugarren hautesbarrutian %41,47a lortu du, %47,08a bosgarrenean eta %47,01a seigarrenean.

Emaitzak kontutan hartuz, Anita Lopepek laugarren hautesbarrutian lortutakoak azpimarratzekoak dira. Gorakada nabarmena agertu da herri guztietan. Hautagaiaren erranetan, barnekaldeko 29 herritan lehen indarra agertu da.

"Helburua betea da eta gainditua ere. Gure xedea emaitzak hobetzea zen. Baieztatu nahi genuen ezkerreko alternatiba gu ginela lurraldean. Barnekaldean herritarrek EH Bairekiko konfiantza dutela erakutsi dute eta hori oso baikorra da", aipatu du hautagaiak.

Ildo beretik, azpimarratzekoak dira ere Peio-Etcheverry Ainchartek seigarren boz gunean lortu dituen emaitzak. Hiru puntuz igo da eta bozen %12a eskuratu du (6.191 boz). 2012an 5.400 boz lortu zituen Lapurdiko kostaldean. "Emaitza onak lortu ditugu hiru boz guneetan. Parisetik ez gaituzte berdin begiratuko", aipatu dio Etcheverry Ainchartek Garari.

Bosgarren hautesbarrutian, ordea, Laurence Hardouinek bozen %5,66a lortu du. Anita Lopepek bosgarren boz gunea "eremu zaila" dela ohartarazi du. "Kanpoko jende anitz dago eta pedagogi lan izugarri bat egin behar dugu bertan. Azaldu behar diegu zer den EH Bai eta ez dela soilik abertzaleei zuzendua zaien mugimendua", gehitu du.

"Erabaki zaila"

Bigarren itzuliari begira, laugarren hautesbarrutiari dagokionez gomendio bat ematea EH Bairentzat "erabaki zaila" izango dela aitortu du Lopepek. "Alde batetik hemengoa ez den hautagai bat dugu. Lurraldearekiko ezagutza mugatua duena. Macronen soldadu gisa arituko dena. Bestalde, Jean Lassalle dago. Sobera iraun duen diputatua. Gainera, bere ordezkoa Barthélémy Aguerre da. Baxe Nafarroa ordezkatzea nahi dugunaren kontrakoa", azaldu du.

Etorkizunari begira, EH Bairen erronka "lan egiten segitzea eta lana indartzea" da. "Nire ustez, arrakastaren giltza lan iraunkorra egin dugula da", gehitu du. Bere erranetan, lan hori instituzio eta Herriko Etxeetan burutzeaz gain, arloz-arlo lurraldean ere aitzina eraman du alderdiak.