Haritz LARRAÑAGA

Euskal Selekzioak ezingo du parte hartu herrialdeen arteko munduko surf txapelketan

Larunbatean Biarritzen abiatuko den txapelketan parte partzeko xedez, Euskal Selekzioko kideen izenak erregistratzen entseatu dira maiatzaren 17an. Ezezkoarekin topo egin dute kideek. Haatik, etorkizunera begira eman daitezkeen pausuekin baikor agertu dira.

Mikel Troitiño EHSF-ko lehendakari ohi eta Euskal Herriko kirolarien taldeko kidea eta Oier Illarramendi Euskal Herriko Surf Selekzioaren arduraduna. (NAIZ)
Mikel Troitiño EHSF-ko lehendakari ohi eta Euskal Herriko kirolarien taldeko kidea eta Oier Illarramendi Euskal Herriko Surf Selekzioaren arduraduna. (NAIZ)

Illarramendik argitu du Biarritzera joatearen arrazoia: "EHSF-k, beste eragile batzuen laguntzarekin, eskaera formal bat igorri zion ISA-ri euskal selekzioarekin parte hartzeko aukera bazegoen galdetzeko, eta ez dugu erantzunik jaso, beraz txapelketa gunera bertaratzea erabaki dugu", Naiz atariak argitaratu duenez.

Megan Burns International Surfing Asotiation (ISA) erakundeko teknikariarekin bildu dira bi euskal surflariak. "Elkarrizketan esan digute txapelketan parte hartzeko ISA-ko kide izatea derrigorrezkoa dela eta orduan galdegin diogu gonbidatu gisa ea parte hartzeko aukerarik izango litzatekeen, eta hor ere, ezetz erantzun digute", argitu du Illarramendik.

Hala ere, EHSF-ko kidea aurrera begira egin daitezkeen urratsekin baikor agertu da. "Kide egiteko eman beharreko pausuak galdetu ditugu eta horretarako kontaktua pasa digu" jakinarazi du Illarramendik, eta gaineratu du, "harreman zuzena egin dugu, elkar ezagutu dugu, beraz hemendik aurrera kide izan eta beste txapelketetan parte hartzeko eman beharreko lehen urratsa eman dugu".

Bestalde, deialdi zabala luzatu dute datorren larunbatean eguerdiko ordu bietan Biarritzeko Hondartza Handian antolatu duten ekitaldira, "euskal surflariak animatu eta bide batez euskaldunok ere parte hartzeko eskubidea badugula aldarrikatzeko".