Kazeta

Emmanuel Macron da Estatu frantseseko lehendakari berria

En Marche mugimendu gazteko buruak argiki irabazi ditu Errepublika frantseseko lehendakaritzarako hauteskundeak. Eskuin muturreko ordezkaria, Marine Le Pen, atzean gelditu da baina bere aitak 2002an baino boz gehiago bildu ditu.

Baionako Aviron brazerian bildu dira E. Macronen jarraitzaileak. © Aurore LUCAS
Baionako Aviron brazerian bildu dira E. Macronen jarraitzaileak. © Aurore LUCAS

Frantses hautesleek Emmanuel Macronen alde egin dute Estatuko burua izendatzeko igande honetan antolatuak ziren hauteskundeetan. Lehendakaririk gazteena izanen da 39 urterekin. Bozen %66,1 bildu ditu (20 milioi boz) eta hala Marine Le Pen Fronte Nazionaleko hautagaiaren aitzinetik pasa da. Azken horrek %33,1 bildu ditu (11 milioi boz, bere erranetan). Duela 15 urte, bere aitak %16,8 egin zuen (5,5 milioi boz), horrek erran nahi luke, nahiz eta Marine Le Penek ez duen %40aren heina gainditu, bere alderdia eta bere ideiak aitzinatzen ari direla.

Zenbaki horiek historiak direla azpimarratu du Marine Le Penek emaitzak jakin bezain fite eta Estatu frantseseko oposizioko lehen indarra dela azpimarratu du. Legebiltzarreko hauteskundeei begira jarri da ondoren. "Batasun ahal bezain zabala lortzen" saiatuko dela hitz eman du. Berak zuzenduko duen hauteskunde programa Frantziaren oparotasunaren, segurtasunaren eta nortasunaren aldekoa izanen dela azaldu du.

Emaitza horiek analistek aurreikusi zituztenak baino hobeak dira E. Macronentzat. Azken egunetako gertakariek eta zenbakiek bere emaitzen igoera bat markatzen zuten. Ostiralean publiko egin ziren azken inkestek bozen %63a iragartzen zuten Emmanuel Macronentzat eta %37a eskuin muturreko hautagaiarentzat.

Abstentzioa (%25,3), berriz, bigarren itzulian baino altuagoa izan da (%24koa lehen itzulian) estimazioen arabera. 1969tik inoiz ikusi den gorena. Hautagaien programek eta ibilbideek anitz zatitu dituzte hautesleak azken bi asteetan, eta argi gelditu da ez dela, 2002ko Jacques Chirac eta Jean-Marie Le Penen arteako buruz-burukoan bezala "fronte errepublikar" handirik sortu. Hitzordu elektoral batek sortu duen tentsio giro handienetakoa sentitu da lehendakaritzarako bi itzulien artean.

Legebiltzarreko hauteskundeek

Ikustekoa da orain Emmanuel Macronek erakarri dituen hautesleek Marine Le Pen baztertzeko egin duten edo bere programaren sustenguz. Ikustekoa ere ekainean izango diren legebiltzarreko hauteskundeek gehiengo bat osatzen ahalbidetuko duten edota hasiera-hasieratik koabitazio egoera batean sartuko den Errepublika.

Dena den, aski fite frogatzen ahalko da bere sustenguaren indarra, iragarri dituen lehentasunezko neurrien artean, ordenantza bidez aginduko duen Lan Kodearen erreforma baita. Estatu Frantsesean langileria karrikara bultzatu ohi duen gai sensible bat.