Iurre BIDEGAIN

Agertoki berri bati ateak idekiko dizkion egun historikoa

Desarmearen eguna iraganen da gaur Baionan. Desarmearen ekimenei buruzko xehetasunik ez ezagutu arren, eguna bukatzean ETA erabat desarmatua izanen dela baieztatu dute "bakearen artisauek". Prozesuari babesa helarazi duten herritarrak batuko dira 15.00etan antolatu duten elkarretaratze "duinean".

 

Goizean goizetik ekimenak prestatu dituzte Baionan, hala nola, dokumentalen proiekzioa eta eztabaidak. ©Bob EDME
Goizean goizetik ekimenak prestatu dituzte Baionan, hala nola, dokumentalen proiekzioa eta eztabaidak. ©Bob EDME

Eguna ailegatu da. Desarmearen eguna. Bide luzea egin da apirilaren 8ra heltzeko. Eta dudarik gabe, gizarte zibilaren engaiamendua, Michel Berhocoirigoinek dioen bezala, bake bidea trabatzen duen arroka alde batera uzteko giltza izan da. Luhusoko operazioak, abenduaren 16 hartan, ate berri bat ideki zion gatazkaren konponbideari. Harri hori bidetik kentzeko parioa egin dutenak gaur Baionan elkartuko dira.

Berhocoirigoinek desarmearen "azken fasea" izango zela nabarmendu zuen atzo Euskadi Irratian. Armagabetze hori nola gauzatuko den ez dute zehaztu bakearen artisauek. Azaldu duten gauza bakarra armagabetze operazioak Baionatik kanpo eginen direla da. Horietan parte hartuko dutenentzat segurtasun neurriak bermatuak egonen direla ziurtatu dute.

Bake artisauek, hasieratik argi utzi dute ETAren desarmea burutuko dela "Apirilaren 9an ETA erakundea desarmatua izango da”, iragarriz. Hain zuzen, ETA erakundeak atzo jakinarazi zuen arma guztiak eta lehergailuak gizarte zibilaren esku utzi dituela. Luhusoko operazioan jakindakoa berretsi du ETAk: desarmearen ardura gizarte zibilaren esku uzten duela.

Gamartarrak azalpen teknikoei garrantzia kendu eta, Euskal Herriko herritarrengan gauzatuko den ikusmolde aldaketa nabarmendu du aste honetan Euskal Irratietan. Bere aburuz, apirilaren 8ak Euskal Herri osoak bere aniztasunean emanen duen urrats bat irudikatuko du. Hots, engaiamendu bateratu baten isla izanen da.

Sostengua mugaz gaindi

Euskal Herrian bildutako babesa anitza izan da. Eusko Legebiltzarrak apirilaren 6an armagabetzearen aldeko legez besteko proposamena onartu zuen, PPren boza gabe. Gisa berean, Nafarroako Parlamentua adierazpen baten alde agertu zen martxoaren 27an. Hala ere, bi Gobernuek ekitaldi publikoetan ez dutela parte hartuko aipatu dute. Balitekeena da ordezkari edo bozeramaileak presente izatea.

Uhain horrek Euskal Herriko mugak gainditu ditu eta nazioartera zabaldu da. Friendship taldearen adierazpenetaz gain, atzo, nazioarteko hainbat erakundek Foro Sozialarekin bat eginez, gizarte zibilak jokatutako papera txalotu zuten. Gaurko ekimena "historikotzat" jo dute: "ETAren desarme ordenatu, legezkoa eta egiaztatua". Haatik, munduko beste bake prozesuetan sekula gertatu ez dena azpimarratu dute: Gobernu frantses eta espainiarraren engaiamendu eza. "Estatuen blokeoen gainetik, gizarte zibilak desmartxa aitzindariak bultzatu ditu".

Gobernu frantsesari dagokionez, ez dela zuzenean inplikatu berretsi du Berhocoirigoinek. Haatik, "oztoporik ez duela jarri azaldu du. Hori dela eta, desarme prozesua "eremu gris" batean dagoela ohartarazi du. "Eremu gris horrek bere arriskuak baditu, ezin baitugu ziurtatu polizia operaziorik egongo ez denik, baina espero dugu ez dela oztoporik izanen".

Hala eta guztiz ere, bakearen artisauek azpimarratu dute prozesua ez dela horretan geldituko. Gaurko egunak agertoki berri bati ateak idekiko dizkio. Bide berri hori beste gaiei lotzeko garaia izanen dela diote. Hauetan besteak beste, euskal presoen, herbesteratuen, biktimen eta elkarbizitzaren gaiak. "Bide luzea da. Baina, harri hori ez bada libratzen bide erditik, blokatuak egonen gara beste sei urtez", erantsi du Berhocoirigoinek tokiko irratian.