Kazeta

Bakearen alde agertu dira Ipar Euskal Herriko 46 gazte talde

Ipar Euskal Herriko 46 gazte talde, hala nola, antolakundeak, besta batzordeak, kultur elkarteak eta gaztetxeak, desarmearen alde agertu dira. Biztanle guziei apirilaren 8an Baionako ekitaldian parte hartzeko deia luzatu diete.

Euskal Herriko bakearen alde elkartuak Baionan. ©Bob EDME
Euskal Herriko bakearen alde elkartuak Baionan. ©Bob EDME

"Ni gazte niz. Nik herrian bizi nahi dut, libreki, bakean". Gisa horretan hasi dute Ipar Euskal Herriko 46 gazte taldek bakearen aldeko adierazpena. Euskal Herriko gatazkak utzitako ondorioen adibideak aipatu ondoren, hainbat eskakizun plazaratu dituzte. Bake artisauek bake prozesuari "hats berri" bat eman diotela azpimarratu eta, "ETAren armagabetzearen azken urratsa sostengatzeko" deia luzatu dute.

"Atzoko bortizkeriak utzirik, biharko gizartearen eraikitzeko, ETAren arma guzien desegitea sostengatzen dixigu", aipatu dute. ETA, Estatu frantses eta espainiarrari, baita Euskal Herriko hautetsi eta gizarte zibilari ere "armagabetzea kausitzea" eskatu diete.

Halaber, gazteek Gobernuei "euskal presoentzat legeak errespetatzea" aldarrikatu diete. Ondotik, galdegin diete "jüstiziak tresna egokiak plantan ezar ditzan kasü bakoitzari ilkibide baten atzamaiteko, alde bakoitzak bere ardürak aitortzez".

Gatazka bizi duten alde guzietako biktimen ahotsak entzun nahi dituztela erran dute. "Denen egiak" agertzeko beharra nabarmendu dute, batez ere, "bakearen eraikuntzan laguntzen dutelako".

Sindikatuen babesa

Euskal Herrian zein gure mugetatik kanpo babesa pilatzen segitzen du ETAren armagabetzerako bakearen artisauek martxan jarritako ekimenak, Naiz atariak azaldu duenez. Alde batetik, Euskal Herritik, LAB, CFDT Pays Basque, FSU 64, Union Locale Solidaires Pays Basquez gain, Biarritzeko CGTk eta sindikatu horretako trenbideetako Baiona eta Donibane Lohizuneko langileek ere atxikimendua eman dute.

Bestalde, zerrendan ageri dira baita CNT, Union Syndicale Solidaires, Sytrail, Korsikako STC, Bretainiako SLB eta Kanakyko (Kaledonia Berria) USTKE Langile Kanaken eta Esplotatuen Sindikatuen Batasuna. Italiatik, Milango Sindicato Autoorganizzato Lavatori COBASek adierazi du babesa.