Iurre BIDEGAIN

Sasiko Gaztetxearen kontrako auzia maiatzaren 3an iraganen da

APHP Pariseko Ospitaleak erakundeak Hendaiako Sasiko Gaztetxearen kontrako salaketa aurkeztu ondoren, auzia maiatzaren 3an iraganen da Baionan. Auzitegiaren atean elkarretaratze bat antolatzea erabaki dute gazteek.

 Sasiko Gaztetxearen estreinaldi ofiziala. ©Isabelle Miquelestorena
Sasiko Gaztetxearen estreinaldi ofiziala. ©Isabelle Miquelestorena

Egoitzaren jabe den APHP Pariseko Ospitaleak erakundeak Hendaitz Gazte Asanbladaren kontrako prozedura judiziala abiatzea erabaki zuen. Etxetik kanporatzeaz gain, egiturak isunak, kalte-ordainak eta abokatu gastuak ordainarazi nahi dizkio. Kasua aztertuko du epaileak maiatzaren 3an.

Iazko ekainaren 11n Orio auzoko egoitza okupatzea erabaki zuten Hendaiako gazteek. Geroztik arraberritze lanean murgildu dira. Bederatzi hilabete hauetan egitarau sakona proposatzea lortu dute. Animazioak antolatzeaz gain, besteak beste, musika taldeei errepikak egiteko sala bat proposatu diete.

Filipe Aramendi gazteen abokatuaren erranetan, okupazioa "sinesgarria eta bidezkoa" da. Bi irizpide horiek defentsaren oinarriak izan dira. Hain zuzen, abokatuak bere argumentuak bidali zizkion urtarrilaren 18an. Erakundeak hilabetero bost ehun euro galdetu dizkie gazteei, alokairu moduan. Halaber, 1.500 euro eskatu dizkie kalte moralengatik eta 3.000 euro abokatuen gastuak ordaintzeko.

Aitzina, alternatibak bilatuz

Denbora honetan, salaketak "deus aldatu ez duela" aitortu du Perrine Feriole gaztetxeko kideak. "Epaiketaren data jakin dugunez, orain gaualdiak antolatzen entseatuko gara dirua biltzeko", aipatu du. Gainera, epaiketaren egunerako elkarretaratze bat antolatu du Gazte Asanbladak. Sostengua helarazi nahi duenari parte hartzeko deia luzatu dio.

Hilabete hauetan jabeen berri izan ez dutela kontatu du gazteak. Gisa berean, Herriko Etxearekin ere harremanik izan ez dutela erantsi du. "Apirila erditsurako hitzordu bat eskatu diogu Kotte Ecenarro auzapezari. Alde batetik, auziaren berri emateko, baita etxea utzi behar izanez gero alternatibak elkarrekin ikertzeko ere", azaldu du Feriolek.