Xan Idiart
Entrevista
Philippe Blanchete
Soziolinguistikako irakaslea

P. Blanchet: "Nazio bat hizkuntza bat, martxan ez den modeloa da"

Rennes 2ko unibertsitatean soziolinguistikako irakaslea den Philippe Blanchetek "Discriminations : combattre la glottophobie" izeneko entsegu bat argitaratu zuen 2016an. Besteak beste, hizkuntzagatik dauden diskriminazioak aipatzen ditu.

Philippe Blanchet Rennes 2ko unibertsitatean irakaslea da. ©  Philippe Blanchet
Philippe Blanchet Rennes 2ko unibertsitatean irakaslea da. © Philippe Blanchet

Zer da glotofobioa?

Neologismo bat da, nik asmatua. Azentu edo hizkuntza batengatik egiten den diskriminazioa izendatu nahi dut hitz horrekin. Hizkuntza ez, baizik eta pertsona bera dago bereiztua bere mintzatzeko maneragatik. Kasu horretan eta diskriminazio mota askotan bezala, hizkuntzaren inguruko irizpide arbitrarioek pertsonen arteko sailkapen bat dagite.

Lege frantsesak onartzen ote du diskriminazio mota hori?

Liburua idatzi dudanetik hona, aitzinamenduak izan dira. Oroitarazi behar dut liburua idazteko ikerketak egiten nenbilelarik, lege frantsesak ez zituela batere diskriminazio linguistikoak onartzen. Baina nire liburuak eztabaida sortu zuen eta 2016ko azaroan, justizia frantsesaren aldaketaren legea bozkatu zelarik, diskriminazioak jadanik kondenatzen zituen zigor kodeari, beste bat gehitu zioten: diskriminazio linguistikoa. Alabaina, manera bitxi batez idatzita dago eta horrek anbiguotasunak dakartza. Badiru auzitegi batek jujatu beharko balu diskriminazio linguistikoen inguruko afera bat, legearen aplikazio murrizgarri bat eginen lukeela, baina legea oraindik gazteegia da horretaz erabat segur izateko.

Zure ustez, anbiguotasun hori ez al da etortzen gaur egun oraindik Estatu frantsesean hizkuntza guttituak diren datutik? Hots, gure kasuan, glotofobioak ez ote ditu gehiago hunkitzen hizkuntza guttituak, azentuak baino?

Arrapostu negatibo bat eman behar diot galderaren bigarren zatiari. Estatu frantsesean, frantsesa erabiltzean azentu bat dutenak dira diskriminazio gehien pairatzen dituztenak, ez hizkuntza guttituetako hizlariak. Hori horrela da. Nire ikerketa lanetatik ateratako emaitzetako bat da. Haatik, egia da historikoki eta Iraultza frantsesetik bereziki, Estatu frantsesean eraman izan den aniztasunaren aurkako borroka hizkuntza guttituak desagerrarazteko dela, hein handi batean. Arrunt zozoa da, baina hizkuntza guttituek beldur gehiago ematen dute azentuek baino, azentuak frantsesa direlako behintzat. Hain zuzen ere, azken mendeetan zehar glotofobo izatera hezia izan da jendea Estatu frantsesean. Etengabe erran izan zaio bazirela onartu behar ez ziren hizkuntzak.

Geure buruari euskaraz mintzatu behar ez dela erraten diogunean, autoglotofoboak ote gara?

Bai arrunt. Fenomeno hori soziolinguistikan biziki ontsa landua izan da. Ikerketa batzuek erakutsi dute nola heziketa zein hedabideen bidez ustezko zilegitasun bat inposatua izan zaion jendeari. Zilegitasun hori ordea, bere hizkuntza eskubideen kontra joaten zen. Patologia sozial kolektiboak izan dira horregatik. Hori dela eta, glotofobia oso lanjerosa da. Hizkuntzak desagertaraziz, munduaz dugun ikuspegia murrizten da. Jakin behar da, diskriminazio linguistikoak onartzen direnean, ideologia totalitario batean gaudela. Gizakiaren ezaugarririk garrantzitsuena den aniztasuna ezeztatzen da. Oso arriskutsua da. Bide batez, nire ikasleei usu erraten diet Errepublika frantsesaren hizkuntza politika baztertzailea, munduan zehar erregimen totalitario anitzek obratu duten politika bat dela.

Soziolinguistiko batzuek diote Iraultza frantsesa nazionalista izan zela? Ikuspuntu horrekin bat zatoz?

Erabat ados nago Iraultza frantsesaren aspektu nazionalistaren ideiarekin. Gainera, hor sortu zen nazionalismo frantsesa, baita nazio frantsesaren ideia ere. Izu garaian hartu ziren lehendabiziko neurri glotofoboak, 1793an hain zuzen. Hortik dator nazionalismo frantsesa eta kezkagarria da nola azken denbora hauetan suspertzen ari den. Sozialista omen den Manuel Vallsen gobernua nazionalista zen eta aniztasuna ez zuen onartzen. Valls bezalako pertsonentzat nortasun frantsesa ezin da aniztasunean gauzatu. Eredu bakar bat badago. Frantsesak elebakarra izan behar du eta derrigorrez miretsi behar du bere hizkuntza. Zilegia den komunitate bakarra frantsesena da, eta hizkuntza bakar bat eduki behar du. Alta, aniztasuna bermatzen dituzten gizarte modeloak eraiki daitezke.

Adibiderik eman dezakezu?

Munduko Estatu gehienak aniztasun onartu batean eraikiak dira, Estatu frantsesa ez bezala. Kanadan adibidez, jendearen hizkuntza eskubideak herriko eskualde guztietan babestuta daude. Alderantziz, Quebecen frankofonia autoritarioegi bat badago. Estatu espainiarra adibide ona da ere. Bestalde Maliari ez diogu kasurik egiten baina politika eleaniztun interesgarri bat badu, hizkuntzen onarpen instituzional azkarrekin. Eskubide horiek joan den irailean are gehiago hobetuak izan dira. Gobernu maliarrak handitu du herriko aniztasun linguistikoa eta hamar bat hizkuntza ofizial ditu gaur egun. Hizkuntza horietako batean gauzatzen da hezkuntza beraz eta legeak dio ez zaiola norbaiti nahi duen hizkuntzan hitz egin debekatu. Hizkuntza politika inklusibo bat badute benetan.

"Nazio bat, hizkuntza bat" modeloarekin ez zaude ados orduan? 

'Nazio bat, hizkuntza bat', martxan ez den modeloa da. Gizakiaren aniztasuna eta hizkuntza aniztasuna ezin dira saihestu. Irudi fantasmagoriko bat da. Diskriminazioa egiten da, baita inposaketak ere. Estatu frantsesaren kasua da. Frantsesak ez direnek frantsesez  hitz egin behar dute beren eskubideak errespetarazteko. Berriz diot, modelo lanjerosa da, zeren eta herri elebakar batzuen metaketa suposatzen baitu. Hizkuntza bakar batetik pentsamendu bakar batera iritsi nahi da. Horrez gain, etnozidioak ekarri ditzake. Erran nahi da talde baten berezitasun kultural edo linguistikoak desagertaraztea duela helburu. Pertsonak fisikoki desagertzen ez baldin badira ere, taldea ez da gehiago existitzen. Etnozidioak maiz hizkuntzak deuseztatzeko egiten dira. Europarrek hori egin zuten populazio amerindiarrentzat.

Estatu frantsesera itzultzeko, ez al duzu uste frantsesaren historia irakatsi beharko litzatekeela eskoletan glotofobia baztertzeko?

Lagungarria izanen litzateke bai, zalantzarik gabe. Ulertuko genuke frantsesa hizkuntza oso gaztea dela, gutti gora behera mende bat baduelarik, Estatu frantsesean denok ezagutzen dugun frantsesak mende bat baitu bakarrik. Ulertuko genuke ere, lehen, manera desberdinez erabilia zela eta ez zela eskualde guztietara barreiatua. Hori dela eta, gaur egun frantsesek beren hizkuntzaz duten miresmen mugagabea ezeztatuko litzateke eta hizkuntza kontuetan irekiagoak izanen lirateke. Bestalde, ohartuko lirateke arbitrarioki eraikia izan zela eta beste hizkuntza anitzen kontaktuan egon zela. Diskurtso garbizalea bertan behera utzi beharko genuke Estatu frantsesean.