Kazeta

Ipar Euskal Herriko emakumeak esku-huskan Zumarragan

Laboral Kutxa Emakume Master Cup txapelketa iragaiten ari da Zumarragan. Ipar Euskal Herriko Maritxu Housset eta Argia Olçomendy han izanen dira otsailaren 12an.

Emakumeak esku-huskan ari dira Laboral Kutxa Emakume Master Cup txapelketan.
Emakumeak esku-huskan ari dira Laboral Kutxa Emakume Master Cup txapelketan.

Urtarrilaren 14ean hasi zen emakume esku-huskako pilotariei zuzenduriko Laboral Kutxa Emakume Master Cup txapelketa. Sailkapen fasean daude oraindik bikoteak, eta datorren otsailaren 12an, Ipar Euskal Herriko bi emakume pilotari ikusten ahalko dira Zumarragan : Maritxu Housset, eta Argia Olçomendy.

Pilotazalea denak ezagutuko ditu jadanik bi jokalari horiek. Hain zuzen ere, urteak daramatzate paletan, eta hainbat txapelketatan parte hartu dute dagoeneko bi emakume horiek. Esate baterako, paleta gomako munduko txapeldun bilakatu zen Maritxu Housset 2016an Txilen. Argia Olçomendy ere maila gorenetan ari izan da azken urteetan.

Maritxu Housset eta Argia Olçomendyren kasua, txapelketako beste pilotarien antzekoa da. Erran ohi da esku-huska ez dagokiela emakumeei. Alta eskola eta ikastoletan mutikoak bezainbat ari dira esku-huskako pilotan neskak. Alabaina herriko klubean izena ematean, esku huska hautatzea zaila zaie neskei, eta pilotaren beste alorrak hartzen dituzte, paleta maiz.

Hori dela eta, bakanak dira emakumeentzako txapelketak esku-huskako pilotan, eta diskriminazio horri aurre egiteko sortu zen Laboral Kutxa Emakume Master Cup txapelketa. Munduko emakume pilotari guztiei zuzendua zaie, eta izena ematen dutenak txapelketa puri-purian daude gaur egun. Finala aldiz, martxoaren 5ean iraganen da, emakume langilearen egunaren astean. ETB 1ek zuzenean emango du finala, eta zalantzarik ez da parekidetasunaren bidean obraturiko urrats garrantzitsu bat izanen dela hori.