Bixente VRIGNON

Urtez urte, pausoz pauso

IRITZIA- Kazetariak Seaskaren egutegiei buruz sortu den eztabaidaz hausnartu du. Bere aburuz, Bob Edme argazkilariaren irudiek gizartea erakusten dute, "bere begitik ikusita". "Ez dut uste egia erakusteagatik, Seaska militantzia forma batean ala bestean murgiltzen dela", erantsi du.

Bixente Vrignon iruditan.
Bixente Vrignon iruditan.

Egutegiari buruz sortu da polemika azken aste hauetan Seaskaren barnean, eta ziliportek kanporat jautzi egin dute. Arazoa, argazkietan ikusten da. Itsasoa, oldartua, kaia baten kontra, edo dantzari bat. Irudi ederrak, gure herriaz harro sendiarazten gaituztenak; eta turistei biperra, jantzi, plantxa, edo edozoin ekoizpen "euskal" izenpean saltzeko, erabiltzen diren berdinak. Besteak, haur palestindar bat hesi baten atzean, gazte batzuk istiluetan polizien kontra, euskal presoen aldeko manifestazio bat, edo Aita Saindua, erdi hilik, Lurdesen, Ama Birjinaren irudi bati so.

Irudi horiek, kritika frango sorrarazi dituzte gurasoen artean. Sobera militante, ez dute Seaskaren irudi on bat igortzen. Edo abenduari dagokionez, sobera katolikoa, eta Seaskak ez du deus ikustekorik eliza katolikoarekin. Edo alderantziz, Aita Saindua hain guttitua erakutsiz, trufa bat dela katolikoak sentitzen diren gurasoen kontra. Batzuetan arrazoin arras alderantzizkoengatik.

Bada zonbait urte Seaskak galdegin duela hemengo profesionalei, beren lanaren bidez, bere egutegiak apaintzeko. Jacques Pavlosky edo Kepa Etxandi hortik pasatu dira, eta lan baliosa eskaini diote Seaskari. Aurten, Bob Edme kazetariaren itzulia izan da. Kazetaria diot, zeren argazkiak hartzea eta erakustea, kazetari lan bat da. Eta ainitzetan, irudiak erranaldi luze bat baino gehiago, edo artikulu oso eta sendo baten hainbeste adierazten du. Haur palestindarraren begiradak, sareen gibeletik, bertako gerlaren krudeltasuna erraiten du. Heriotzan jadanik erdi sartua den Aita Saindu baten potretak, ainitz ere Eliza Katolikoaren gobernuari buruz. Petrolio galipotek, hondartzan, ainitz gure kontsumitzeko eta natura zaintzeko ardurari buruz.

Irudi hauek ez dute Seaska irudikatzen. Bainan bai, beste profesionalek egin zuten erara, gure gaurko gizartea adierazten. Eta objektibotasuna existitzen ez denez, kasu honetan, gure gizartea Bob-en begitik ikusita.

Hiltzen duen gerla bat badela Palestinan, euskal presoak preso badirela, dantzariak dantzan eta ihiztariak ihizin, Aita Saindu bat eta katolikoak, horiek gertakariak dira. Ez dut uste egia erakusteagatik, Seaska militantzia forma batean ala bestean murgiltzen dela. Urte anitzez Bob-ekin lan egiteagatik, ez dut uste bere lanaren bidez ihizia edo katolizismoa goraipatzen duela. 2017ko Seaskako egutegiak mundua den bezala erakutsiko digu. Edo bederen munduaren parte bat. Parada ezin hobea haur eta ahaideekin mundua nola doan eztabaidatzeko, hori baita ere ikastolen funtzioa gizartean. Eztabaida, kritika, argudioa, hiritar euskaldun argituen hezitzea. Gure haurrei, autoritate edo arau sozialen parean bizkarra ez konkortzen erakastea. Bainan arau horiek ulertaraztea, eta hala pentsatzen baldin badu, horien kontra borrokatzea. Argudiatuz, eztabaidatuz. Zentzu kritikoa nahiko xorroxtua izanen baitu, ikastolei esker.