Arantxa MANTEROLA

Bestelako bestak eskainiko dituzte Baionako gazteek

Baionako Patxa plazan besta herrikoi, euskaldun eta errespetuzkoak antolatu dituzte Baionako Gaztetxeko kideek. Asteazkenean, besten idekitze alternatiboarekin abiatuko dute haien egitaraua.

Gaztetxeko kideek Baionako beste hainbat elkarterekin batera beste besta eredu bat sustatu nahi dute. © Isabelle MIQUELESTORENA
Gaztetxeko kideek Baionako beste hainbat elkarterekin batera beste besta eredu bat sustatu nahi dute. © Isabelle MIQUELESTORENA

"Euskarari ematen zaion leku urriagatik, eraso sexistengatik, soilik dirua irabazteko helburuarekin antolatutako ekimenengatik...", horregatik guztiagatik zenbait taldek urtero programazio alternatiboa eskaintzen dute Baiona Txikiko Patxa plaza eremuan, batez ere gazteei bideratutakoa.
Era horretan "bestelako festa-eredua" badela erakutsi nahi dute.

"Baionako festen modeloarekin desadostasun handiak ditugu. Argi dugu ez direla dirua egiteko makinaria bezala erabili behar, ez eta norberaren etxean egiten ez diren zernahikeriak burutzeko gune bat bezala ere" esan zuten atzoko agerraldian. Horrenbestez, "izpiritu kritikoa eta eraikitzailea hedatzeko" xedearekin, "herritik herriarentzat" prestatutako jai giroko ekimen andana antolatu dituzte.

Parekideak eta euskaldunak

Hiru gai nabarmendu zituzten ekimenen nondik norakoak azaldu aitzin. Lehenik, ezinbestean "parekideak" izan behar dutela eta ez dutela "inongo eraso eta humiliazio sexistarik" onartuko. Hala, horrelakorik jazoko balitz, bat egingo dute mugimendu feministak abian jarri duen salaketa protokoloarekin. Bigarrenik, Herriko Etxeak euskararekiko eta euskal kulturarekiko duen jarrera uzkurra deitoratu zuten. Azkenik, urte hasieran abian jarri zen Zizpa Gaztetxeak egindako lana eta ekitaldi mordoa goraipatu zuten, "2008tik erreibindikatzen genuen tresna ezinbestekoa zela frogatu baita". Proiektua sostengatu duten guziak eskertzeko baliatuko dituzte ere jaiak.

Helburu horrekin hain zuzen, igandean aperitifa berezia prestatu dute txosna-gunean zigante eta albokaz alaiturik. Aurretik, beste ekimen batzuk egingo dituzte, adibidez, asteazkenean festen idekiera alternatiboa San Andres plazan (21.00), ostiralean poteo feministan parte hartuko dute, ostiralean bertsoak eta musika elektronikoaren gaua izango da eta larunbatean Gazte Eguna, egitarauaren egun indartsuena. "Tokiko mozkinekin egindako bazkari merkea" eguerdian eta hiru kontzertu ondoren, Bolbora, Ze esatek! taldeekin eta Naughty J NTM taldeko DJ-rekin.