Kazeta

"Izan, Erran, Sortu" uztailaren 21etik 24era Errobiko festibalean

Uztailaren 21etik 24era Itsasuko herriak Errobi festibaleko edizio berri bat hartuko du. Ingurumen desberdinetatik jindako artistak taula gainera igoko dira kolore anitzetako gustuak asetzeko.

Dual Split taldea. © Errobiko Festibala
Dual Split taldea. © Errobiko Festibala

Urte guztiz bezala, Ezkandarai elkarteak Errobiko festibala antolatuko du. Uztailaren 21etik 24era iraganen den ekimena, 21. edizioa izanen da. Urte hauetan herrialde ezberdinetako artistak ekarrarazi ditu eta aurten ere, ildo beretik segituko du. Musika, dantza, eztabaidek eta erakusketek gustu guziak asetuko dituzte.

Festibala abiatu aintzin, motorrak berotzeko, bi ikastaro antolatuko ditu. Alde batetik, Beñat Achiary eta David Goldsworthyk aste guzian kantu ikastaro bat proposatuko dute. Bestalde, Frank Van de Venek "dantza, gorputza eta paisaia" deituriko ikastaldian parte hartuko du uztailaren 21a arte.

Ostiralean, 17.00etan, Sanoki gelan antolatuko den hitzaldi batek festibalari ateak irekiko dizkio. "La lumiere Antigone" deituriko ikusgarria ondotik, Angélique Ionatos eta Katerina Fotinakik, Greziatik datozen doinuak taula gainean eskainiko dituzte.

Biharamunean, Euskal Herriko musikariak present izanen dira. Joseba Irazoki eta Beñat Achiaryk blues doinuak proposatuko dituzte. Ondotik, Andy Emler (piano), Claude Tchamitchian (kontrabaxua) eta Eric Echampardek (bateria) kontzertu bat eskainiko dute.

Uztailaren 23an, Daniel Waroren musikaz gozatzeaz gain, hirukote baten artea entzuteko parada eskainiko du. Hain zuzen, Sylvain Darrifourcq (bateria, elektronikoa), Manuel Hermia (saxofoiak), Valentin Ceccaldi (txelo) taula gainera igoko dira. Kontzertuekin batera, egunero dantzaldi bat proposatuko du.

Errobi festibaleko programa osoa hemen ikusgai.