Idoia ERASO

Zalgizetik Indiara Pierra Lhande ezagutzeko pastorala estreinatu da

Eguki lainotsu batek lagunduta milaka lagun elkartu ziren atzokoan "Pierra Lhande" pastorala ikusteko. Jesuita zalgiztarrak bizitako esperientziei esker hiru oren eta erdiz munduan zehar bidaiatu ahal izan zuten ikusleek.

3.600 bat pertsonek lehen emanaldia ikusi dute. ©Aurore Lucas
3.600 bat pertsonek lehen emanaldia ikusi dute. ©Aurore Lucas

«Ororek jakin behar düzüe Pierra Lhande nor ote zen:/ olerkizale, peredikazale, gogotik lanari lotzen» hitzekin agurtu gintuzten arizaleek azken kantuan. Laburpen hori hasieratik erakutsi ziguten gizon handiaren aztarna txiki bat besterik ez da, lan handia egin baitzuen Aita Lhandek bere bizitzan zehar, behartsuenak lagunduz bai bere herrian bai munduan barna. Eta, noski, horri bere euskaldun eta euskaltzale izaera ere gehitu behar zaio, atzo Zalgizen agerian geratu bezala.

Azken bi alderdi horiek izan ziren ikusleengan alaitasun gehien sorrarazi zuten uneen abiapuntu. Dantzaren bitartez, Lhanderen euskaltasuna eta munduan baitan egin zituen bidaiak erakutsi zituzten. Herriko gazteek “mügaz gaintiko dantzak”, hau da, Euskal Herriko zazpi lurraldeetakoak, aurkeztu zituzten ikusleen plazererako. Alaitasun eta mugimendu gehien sorrarazi zutenak, aldiz, Argentinako tangoa, Afrikako dantzak eta kolorez betetako Indiako dantzak izan ziren. Hego Amerikako bidaiak pastoraleko hutsegin ezineko ardien tarteari ere eman zion bide. Normalean burubeltzak izaten diren animaliak atzo “burugorri” eta “buruberde” zirela esan daiteke, Argentinako gautxoen jantzi koloretsuekin bat eginez eman baitzituzten ardiak, baita beraiekin batera ekarri zuten asto lapikoduna ere. «Somos los gauchos de la Pampa!/ Somos los vascos de la Pampa!».

Euskaldun zintzoak genituen ikusi Zalgizen, ate urdinetik ateratzen baitziren denak. Ate gorritik agertzen zirenak, aldiz, gaizto bezala identifikatzea ez zen erreza. Lhande behartsuak laguntzen aritu zen auzoetako boltxebikeak genituen, India kolonialean misiolari lanetan ari zen apaizari identifikatzea eskatzen zioten britaniarrentzat lan egiten zuten bertako jendeak, edota erizain alemaniarrak. Azken horien eta serora erizainen arteko gatazkak zuen irudikatu Lehen Mundu Gerra; pastoralaren idazlea emakumea izateak, gainera, ukitu feminista eman zion une horri.

Arizaleen lana ederra izan zen, Beñat Larrory sujetak bere bakarkako kantuekin behin baino gehiagotan sorrarazi zuen emozioa. Kantuek txalo zaparrada bat baino gehiago lortu zituzten, kantarien ahotsei esker noski, baita Jean Etchart eta Jean-Louis Aramburuk egindako zuzendaritza lanari esker ere. Kantuen artean idazle ezberdinak baziren, baina Pierra Lhandek berak idatzitakoek protagonista ezagutzeko beste molde bat eskaini zuten. Bereziki bizitzaren bukaeran idatzi zuen “Gizon xaharra”: «Non dira leheneko oldarrak/ Nion, atzo, isilka ene arimari/ Hi, orai loak hartzen, urtegi».

Pertsonaia eta pertsonak

Atzoko antzezpenaren aurretik egindako lanak ere eman du zeresana. “Aita Lhande” pastorala Annick Renaud-Coulonek idatzi du frantsesez, Paristik etorrita Lhande handitu zen Appathia etxea erosi zuen emakumeak hain zuzen ere. Pastorala sinatzean abizena kendu eta etxearen izena hartu du, euskaldunen maneran. Manera hori beste eremu batzuetan ere ikus zitekeen antzezlanean zehar: euskarari, euskal kulturari eta Euskal Herriari egiten zizkion etengabeko erreferentzietan. Pastorala bera honako hitzekin bukatu zen: «Berriz arte adiskideak/ biba gure mintzajea/ biba gure Xiberoa/ eta gora Eüskal Herria».

Renaud-Coulonen lanak Pierra Lhande bere herriaren maitale bezala agertarazteaz gain, poeta, bidaiari, pilotazale… gisa ere agerrarazten du. Eta horrek Zalgizera hurbildu ziren mundu kultural, politiko eta erlijiosoko ordezkarien artean bertara hurbildu ez zen Jean-Louis Davant ekarrarazten zuen gogora. Izan ere, pastoralaren sorreran izandako desadostasunak ezagututa, ezin zen burutik kendu nola agerraraziko ote zuen Pierra Lhande euskaltzain zuberotarrak berak idatzitako pastoralean. Jakina denez, «Pierra Lhanderen ikuspuntu elizkoiegia» ematen zuelako baztertu zuten Davantek idatzitako lana berari eskatu ostean eta euskaltzainak behin bukatuta zuela.

Alderdi elizkoi hori ezin zen ahantzi hiru oren eta erdiko emanaldian, gaztea zela, Aita Lhande bilakatu baino lehen, apaiz izatearen kontra esaten zituenak entzunda. Jesuita izanik irrati predikazale famatu egin zen protagonista; behin gaixotuta dominikanoek «jeloskorkeriarengatik» kanporatu izana ere salatu zuten. Eta bereziki nabarmena izan zen bukaeran Satanek Elizaren baitan egoteagatik «ontsa trabaturik/ builta beti moztürik/ eta üsü ümilitatürik» zela erratean.

Estatuaren eta elizaren arteko banaketaren inguruko eztabaida agerrarazi zen behin baino gehiagotan, eta gai horrek gizartean sorrarazten duen zeresana agerian gelditu zen txalo eta gaitzespen oihuengatik. Horrelakoetan ezin ahantzi ikuslegoko pertsonarik deigarriena, hastapenean bere jantziengatik arizale gisa hartutakoa, Baionako Marc Aillet apezpikua.

Bertaratu ez zirenek azken aukera heldu den igandean izanen dute. Bertan zalgiztar eta euskaldun handia hobeki ezagutzeko parada izanen da. Jadanik bi kalek bere izena daramate, baina ez dakite denek nor den: «Hegoaldeko eüskaldüek/ ohoratü düe emanez/ Lhande izena bi arrüer/». Bertso horren bukaera pastorala ikustera joan ziren batzuei zuzendu dakieke ere: «Iparraldekoek nolaz ez» erraten baitu, eskaera inplizitua eginez. Noski Zalgize zein Iruriko auzapezei zuzenduriko mezua izan daiteke, baita Lhanderen sorterria izan zen Baionako auzapezari ere, han ikusi baikenuen Jean-Rene Etchegaray.

Arizale eta herritar

Pastoralaren alderdi xarmagarrienetakoa da horren sorreran ari diren pertsonak, izan arizaleak, musikariak, lan teknikoetan laguntzaileak edo jostunak. Bi herri dira aurten Erdi Aroko manerak atxikitzen dituen antzerkiaren egileak: Zalgize eta Iruri. Bi herrietako biztanle gehienek parte hartu dute, 400 bat pertsona auzolanean jarriz. Stefani Lhanderen papera egiten zuen Joëlle Casetek hilabete hauetako lanean izan den giro herrikoia nabarmendu zuen.

Jean-Pierra Recalt errejentaren lanak horretan lagundu du, eta bere zuzendaritza zorrotza izan bada ere, goxotasuna ez galtzea izan du helburu. Emanaldia abiatu aitzin egin zuen hitzartzeak argi utzi zuen: «Orain hasiko den emanaldian bereziki plazera hartu behar duzue, pentsatu lagunartean kantatzen ari zaretela». Orduan denak pozik abiatu ziren taula gaineko bidera, nahiz eta Casetek aitortu zigun «estres pixka bat» bazuela.