Amaia OKARIZ- Euskaltzaindia

Joseph Camino Hasquet ohorezko euskaltzaina zendu da

Joan den larunbatean, uztailaren 4an, hil zen Joseph Camino ohorezko euskaltzaina, 88 urte zituela. Apaiza eta idazle, Pan Pin aldizkaria sortu zuen. Bere aldeko hileta elizkizuna datorren asteazkenean, hilaren 8an, izango da, 
arratsaldeko 15:00tan, Kanboko (Lapurdi) elizan.

Euskaltzaindiak, 1961eko abuztuaren 25ean euskaltzain urgazle izendatu zuen. ©Euskaltzaindia
Euskaltzaindiak, 1961eko abuztuaren 25ean euskaltzain urgazle izendatu zuen. ©Euskaltzaindia

Joseph Camino Hasquet Arnegin (Nafarroa Beherea) jaio zen, 1927ko otsailaren 7an. Arnegiko, Hazparneko, Uztaritzeko eta Baionako seminarioetan burutu zituen ikasketak. 1951ean apaiztu zen. Baionako San Andreseko bikario izan zen.

1953. urtean, Ipar Euskal Herriko umeen eta gazteen aholkulari jardun zuen. Urte berean, Euskaltzaleen Biltzarraren idazkari hautatu zuten. Euskal Herriko Koralen Abesbatzaren buru ere izan zen.

Pan Pin hilabetekaria sortu zuen. Haurrentzako komiki aldizkaria zen eta Zeruko Argia aldizkariak argitaratu zuen, 1960tik 1970era bitartean. Etxea, Gazte, Otoizlari eta Herria aldizkarietan ere idatzi izan du noizbehinka. 2008an, Herria maitez, Eliza maitez liburua argitaratu zuen.

Ipar Euskal Herrian ikurra
    
1965ean, Baionako apaiz nagusi hautatu zuten eta lau urte geroago, 1969an, Hazparneko misiolarien buru. Era berean, Hazparneko apaiz nagusi izan zen (1976an), Baionako katedraleko apaiz nagusi (1982an), Seminarioko buruzagi (1987an), Ipar Euskal Herriko bikario nagusi (1990ean) eta apaiz laguntzaile Getarian (Lapurdi), 2002an.

Euskaltzaindiak, 1961eko abuztuaren 25ean euskaltzain urgazle izendatu zuen eta 2004ko azaroaren 26an, ohorezko euskaltzain.

2014ko azaroaren 29an, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatutako "Parrapean - Komiki Egunak" jardunaldietan "Parrapean" izeneko saria eman zioten, Pan Pin aldizkaria sustatzeagatik.  Esan bezala, aldizkaria Zeruko Argiak argitara eman zuen eta haurrentzako komiki aldizkaria izan zen. Omenaldian, ekimenaren antolatzaileek azpimarratu zutenez, "garai horretan, euskara hezkuntza sisteman baztertuta zegoen eta komunikabideetan ia ez zen ikusten. Beraz, traba asko gainditu behar izan ziren, komiki hark argia ikus zezan".