Kazeta

Pertsona itsuentzat egokitu dute Etxepareren "Linguae Vasconum Primitiae" liburua

Bernat Etxepareren “Linguae Vasconum Primitiae” itsuen idazkeran argitaratu dute Euskaltzaindiak eta Oncek.

Itsuentzako edizioan argitaratuko duten heldu den liburua udazkenean hautatuko dute.
Itsuentzako edizioan argitaratuko duten heldu den liburua udazkenean hautatuko dute.

Pertsona itsuek edo ikusmen urritasuna dutenek Bernard Etxepareren “Linguae Vasconum Primitiae” liburua irakurri ahal izango dute hemendik aitzina.

Euskaltzaindia eta Once erakundeen elkarlanari esker burutu da proiektua. Aipatu liburuaz gain, Euskaltzaindiak argitara ematen duen “Erlea” aldizkariaren azken bi zenbakiak ere eskainiko dira bi euskarritan: braille alfabetoan eta audio bidezko Daisy sisteman.

Euskaltzaindiaren izenean Andres Urrutia euskaltzainburua, Xabier Kintana idazkaria eta Bernardo Atxaga idazle, euskaltzain eta “Erlea” aldizkariko zuzendaria izan ziren atzoko aurkezpenean. Onceren ordezkari gisa, Basilio San Gabriel lurralde ordezkaria eta Iñigo Arbiza komunikazio burua.

Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea ere bertan izan zen. Izan ere, Legebiltzarrak eta Euskaltzaindiak “Linguae Vasconum Primitiae” liburuaren bi edizio kaleratu dituzte, lankidetzan. Horren ondorioz, euskaraz gain, hamaika hizkuntzatan irakur daiteke: gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez, alemanez, italieraz, katalanez, galizieraz, errumanieraz, arabieraz, kitxuaz eta txineraz.

"1545ean argitaratua –esan zuen Xabier Kintana liburuaren hitzaurregileak– mundu osoko mintzaira askotara itzulia izan da, baina oraingoan pertsona itsuentzako edizio berezia atera da ONCE erakundearen eta Euskaltzaindiaren arteko hitzarmenari esker. Horrela –gaineratu zuen–, Bernard Etxepare gure lehenbiziko euskal idazle ezagunaren idazlana giza talde garrantzitsu baina zoritxarrez maizegi bidegabeki ahaztuxe honengana helduko da".

2014ko azaroan, Euskaltzaindiak eta ONCEk lau urteko iraupena duen lankidetza-hitzarmena sinatu zuten. ONCEk eta Lakuako Kultura Sailak ere badute hitzarmena. Horri esker 55 liburu egokitzen dira urtean.
Udazkenean erabakiko da beste zein liburu egokitu.