Iparralai… edo triste?

Baigorriko Iparla eta Garaziko Alaiki elkarteen bateratzetik sortu zen 2006an Iparralai musika eskola. Orduz geroztik, egitura hunek, hirian atzeman daitekeen hein bereko musika erakaskuntza barnekaldean ere eskaintzea du helburu.

Maialen Torre|23/06/2015 08:15|0 comentarios
Burasoek_egin_ekintza_batean
Burasoek egindako ekintza baten irudia.

Iparralaik, musika akademikotik musika garaikidera zabal-tzen du bere proposamena; munduari eta musika mota guziei idekitzea du helburu. Baina musika tresna bat menperatzeko aukera eskaintzeaz gain, egiazko musikazaleak formatu nahi ditu eskolak, musika entzun, gozatu eta bizitzeko parada eskainiz.

Heziketa horren lortzeko, bi irakasbide nagusi plantan ezartzen ditu: musikariak biltzea elgarren artean aritzeko, eta inguruan egiten denari idekitzea eta interesatzea, ikusgarrietara joanez. Horretarako, lekuko elkarte eta musika taldeekin elkarlanean ari da Iparralai.

Gaur egun, 273 ikasle eta 203 familia biltzen ditu elkarteak. 20 erakaslek, 19 musika tresna desberdin ikasteko aukera eskaintzen dute, hamar tailer animatzen, oinarrizko musika heziketa kur-tsoak proposatzen dituzte. Orotara, 166 ordu kurtso eskainiak dira aste guziz, horien %40a euskaraz edo elebidunez delarik.

Eskaintza zabala beraz, tokiko zinezko galde eta behar bati eran-tzuten duena. Alta, Garazi-Baigo-rriko eskualdean ezinbestekoa bilakatu arren, arrenguraz beterik so egiten du etorkizuna elkarteak. Joan den iraileko sartzean, adibidez, sei gela eskas ziren kurtso behar guziei erantzuteko, eta 83 haur gelarik gabe egon ziren. Arrazoina? Tokiko politikarien inplikazio eskasa, buraso eta erakasleek diotenaz.

Epe luzeko egoitza

Hau da, Iparralai musika eskolaren diruztatzea, Departamenduko kontseiluak, herri elkargoak eta EEPk dute segurtatzen erdiz, eta burasoek beste erdiz. Jakin, hala ere, departamenduan familien parte hartzea 300 eurokoa dela bataz bestez, eskualde horretan 400 eurokoa delarik.
Baigorri eta Garaziko herriko etxeek gelak prestatzen dizkiote elkarteari, ondorioz, kurtsoak eskualde osoan barreiatuak dira, erakasleen lana eta burasoen bizia zailduz. Eta ikusi behar da nolako gelak proposatuak zaizkien noiz behinka: kanpoko argirik ez dutenak, berogailurik gabekoak, arrabosdunak, komunik gabekoak… Hots duintasunarekin kukugordekan ari direnak.

Joan den sartzean buraso eta erakasleak Herri elkargoko bilkura batera gomitatu ziren, epe luzeko egoitza aterabide bat atzemana izan zedin, egiazko musika eskaintza iraunkor bat segurtatzeko Garazi-Baigorriko kantonamenduan. Behin behineko aterabide bat atzemana izan zen iraila hondarrean Azkarateko herriko etxeari esker, eta Inchauspe familiak proposatutako jauregia erabiltzen ahalko du elkarteak heldu den ikasturtean.

Baina epe luzeko proiekturik ez du proposatzen Herri elkargoak mementukotz. Garazi-Baigorriko kulturgune baten proiektua aipatua izan zen, baztertua geroztik. Zer etorkizun ukanen du musika heziketak Garazi-Baigorri eskualdean, haut
tsiek ez badute azkenean gai hori beren lehentasunetan sartzen ?