Hego Lapurdiko Hiriguneak antzerki konpainiei ateak irekitzen dizkie

Hego Lapurdiko Hiriguneak, EliralE eta Hecho en casa konpainien ikusgarrien sorkuntzak lagundu ditu. Emanaldiak Euskal Herritik kanpo hedatzeko helburuarekin, taldeek bi ikusgarri eskainiko dituzte Avignoneko festibalean.

Kazeta|18/06/2015 07:55|0 comentarios
Conf_presse_avignon_agglo_sud_pays_basque_3_
EliralE eta Hecho en casa konpainiek beren ikusgarriak aurkeztuko dituzte.

1947an sortu zenetik, Avignoneko festibala ikusgarri garaikideen erreferentziazko topalekua bilakatu da. Urtero, hiria antzerki emanaldien eszenatokia bilakatzen da. Aurten, Hego Lapurdiko Hirigunearen sostenguari esker, EliralE eta Hecho en casa konpainiek beren ekoizpenak bertan proposatuko dituzte.

Hego Lapurdiko Hiriguneak beste lurraldeetako ateak ireki nahi dizkie hemengo antzerki konpainiei. Berez, emanaldien sorkuntzarako laguntza ekonomikoa eskaintzen du eta, horretaz gain, praktika artistiko berriak eskuratzeko parada eskaintzen du. Halaber, Ipar Euskal Herriko artisten elkar ezagutza bultzatu nahi du, baina kanpokoen arteko harremana ere. Azkenik, profesionalen arteko sare bat proposatuz, konpainiak lagundu nahi ditu.

2006an Hiri elkargoa proiektu huntan hasi denetik, hamaika konpainiari 22 ikusgarri sortzen lagundu die. Aurten, EliralE eta Hecho en casaren txanda izan da.

Hecho en casa konpainiako zuzendaria den Hervé Estebeteguyrentzat, Avignoneko ospakizuna "festibalik garrantzitsuenetariko bat da". "Artistei, ikusleei emanaldia erakusteko parada eskaintzen die, baina batez ere ikusgarriaren difusioa laguntzen du", gehitu du zuzendariak.

Avignoneko festibalaren 69. edizioa uztailaren 4tik 25era iraganen da eta bertan EliralEk "Ninika" ikusgarria proposatuko du eta Hecho en casak, berriz, "Caché dans son buisson de lavande, sentait bon la lessive".

Estebeteguyk adierazi duenez, festibalera joaiteko aurre kontua 56.000 eurokoa denez, Ipar Euskal Herriko bi taldeak elkartzea erabaki dute. Nahiz eta Hiriguneak sorkuntzarako diru laguntza ematen duen, konpainiek festibaleko egonaldia diruztatzea ziurtatu behar dute. Halaber, Senpere eta Azkaineko herriko etxeek EliralE konpainia sostengatuko dute.

Avignon haurrentzat

"Avignon 2015 enfants à l'honneur" programari esker, garraioa ordainduz, Hego Lapurdiko Hiriguneak haurrei ere festibalean parte hartzeko parada eskainiko die. Hiriguneak, Ziburuko Piarres Lartzabal kolegioko 70 bat ikasleek aktibitatean parte hartuko dutela esplikatu du.

Uztailaren 7tik 10era, gazteek festibaleko antzerki ikusgarriak, dantza emanaldiak eta kontzertuak ikusteko parada izanen dute.