Iurre BIDEGAIN

Erbestearen sentimenduen mapa poesia bilakatua

"Herri bihurtu zaidan deserrian" emanaldia ekainaren 6an Hendaiako Antoine d'Abbadie aretoan eskainiko da. Erbesteratu baten sentimendu intimoen aitorpena hiru elementuren bidez errezitatuko dute: margoa, hitza eta musika.

"Bidai baten kontakizuna da. Pertsona batek sorterria uzten du eta lur ezezagunera doa. Emanaldiak bidaia nola egiten duen azaltzen du; etxea utzita, baina etxea beti berarekin eramanda". Ekainaren 6an, kazetaria eta idazlea den Jon Garmendiak idatzitako poema intimoak "Herri bihurtu zaidan deserrian" emanaldian entzunen dira. Musika, hitza eta margoaren bidez, erbesteak sortutako sentimenduak plazaratuko ditu. Baina ez da bakarrik egonen. Berarekin batera, Xabi Solano, Keu Agirretxe, Ortzi Oihartzabal, Xabi Azkarate eta Eider Eibarrek errimei doinua emateaz gain, sentimenduak margoaren bidez transmitituko dituzte.

"Euskal iheslari politikoak batzuetan multzo bat bezala ikusten dira, baina bakoitza bakoitza da eta bakoitzak badugu gure bizitza. Bizitza hori argitara eramateko beti zailtasunak egon dira", adierazi du Jon Garmendiak. Sentimendu intimo horiek hamar urtez idatzi dituen poemen bidez plazaratuko ditu. Bere iritziz, "historiaren mapa egin da, baina sentimenduena ez".

Hala ere, kazetariak emanaldi huntan entzungo diren errimekin "bizitzak aitzina segitzen" duela erakutsi nahi du. "Erbestean badaude pozak eta horiek ere kontatu behar dira", gehitu du. Olerki horien bidez, hausturak, zalantzak, hutsuneak eta pozak islatuko dituzte. "Neretzat inportanteena distantzia da. Distantzia ez dute kilometroek markatzen. Distantzia niretzat ez itzultzea da; ez zaudela nahi duzun tokian sentitzea", esplikatu du kazetariak.

Bere bizitzaren intimitateari "logika bat emaitea" zaila iruditu zaio. "Hala ere, ni kate handi baten segida naiz eta nik baino lehenago askok bidai hori egin dute", aitortu du Garmendiak.

Hiru elementuak bat eginda

Kontakizun intimo honetan ez da bakarrik egonen. Esne Beltza taldeko ahotsa den Xabi Solanok ere parte hartuko du. Etsaiak edo Governos taldeko kidea izan den Keu Agirretxe musikaria ere bertan egonen da, Ortzi Oihartzabalekin batera. Azken hau, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren lehen biolina da 2001 geroztik. Halaber, Xabi Azkarate perkusionistak ere kantu akustikoen bildumari erritmoa emanen dio. "Lagunez inguratu naiz", gehitu du idazleak.

Horietaz gain, Eider Eibar ilustratzaileak kontakizun horiek margoen bidez islatuko ditu. "Nire ustez, espresio horiek biltzeko hiru elementuak beharrezkoak dira: margoa, musika eta hitza", adierazi du Jon Garmendiak.