Argitxu DUFAU

Atxik Berrituz kolektiboak Pariseko Konferentzia Humanitarioan parte hartuko du

Atxik Berrituz Iparraldeko Kristau Kolektiboa, Euskal Herriko bake prozesuaz informatzeko Estatu frantseseko apezpikuen Batzorde ofizialarekin elkartu da. Horretaz gain, taldeak Parisen ekainaren 11n iraganen den Konferentzia Humanitarioan parte hartuko duela eta "Justizia eta Bakea" komisioko ordezkari bat ere ekimenean egonen dela adierazi du.

Maiatzaren 29rako, 19.00etan, Angelun otoitz bilkura bat prestatu dute. ©Isabelle Miquelestorena
Maiatzaren 29rako, 19.00etan, Angelun otoitz bilkura bat prestatu dute. ©Isabelle Miquelestorena

Maiatzaren 26an, Atxik Berrituz taldeak Estatu frantseseko apezpikuen Batzorde ofizialak hitza eman diola adierazi du. Otsailaren 11an, Iparraldeko Kristau kolektiboak Euskal Herrian martxan dagoen bake prozesuaz informatu zuen. Ekimenean, ordezkaritzak Estatu frantses eta espainiarraren Gobernuak prozesuan engaiatu behar direla argi utzi zuen.

Atxik Berrituz kolektiboa bake prozesua sostengatzeko sortu zen. Bide horretatik kristau kolektiboak Bake Bideak eta Giza Eskubideen Ligak ekainaren 11n Parisen antolatuko duten Konferentzia Humanitarioan parte hartuko du. Modu berdinean, Estatu frantseseko Apezpikuen "Justizia eta Bakea" batzordeko ordezkari bat ere konferentzian egonen da.

Ibilbidea hasi duenetik, Kanbon edo Donibane Lohizunen gaiari buruzko hausnarketa saioak antolatu ditu. "Iniziatiba horri esker, Euskal Herriko gatazkaz ikuspuntu ezberdinak dituzten pertsonak batu eta iritziak elkar trukatu dituzte", adierazi du kolektiboko kidea den Mikel Epalzak. Halaber, heldu den maiatzaren 29rako, 19.00etan, Angelun otoitz bilkura bat prestatu du.

Engaiamenduaren eskaera

Otsailaren 11n, Atxik Berrituzek Frantziako Apezpikuen "Justizia eta Bakea" konferentzian parte hartu zuen. Bertan, Estatu frantsesak eta espainiarrak bake prozesuaren alde lan egiten segitu behar dutela adierazi zuen. "Gainera, Eliza ere prozesuan engaiatu behar da", azpimarratu du kideak. 

"Oroimen historikoa oso garrantzitsua da eta baita biktimek bizi duten minaren aitorpena ere", gehitu du. Ipar Euskal Herriko Kristau kolektiboak, Estatu frantsesean "Justizia eta Bakea" batzordeak argitaratu duen orrian Euskal Herriko egoera islatzeko parada izan du.

Agirian, duela lau urte ez dela atentaturik gertatu gogoratzeaz gain, gaur egun 480 euskal preso daudela adierazi du. Halaber, Elizak bakearen inguruan hausnartzeko bilkurak antolatzen dituela esplikatu du. "Gaur egun Elizan bakearen inguruan hitz egiteko arazorik ez dago; biktimei edo preso ohiei hitza emaiteko problemarik ez dago", zehaztu du Epalzak.