Kazeta

Urtebetetzeak edo mendi ibilaldiak, asteburu huntan Ikastolen esktutik

Asteburu huntan Ipar Euskal Herriko ikastola ezberdinek ospakizunak antolatuko dituzte. Aktibitate ezberdinen bidez, maiatzaren 24an Biarritzeko ikastolak 40. urteurrena ospatuko du. Hazparne aldean berriz, oinez eta bizikletaz mendi martxak prestatuko dituzte.

Larzabalen ospatutako ibilaldiaren besta.
Larzabalen ospatutako ibilaldiaren besta.

Maiatzaren 23 eta 24ko asteburuan Ipar Euskal Herriko ikastolek hainbat ekitaldi antolatuko dituzte. Biarritzeko edo Urruñako ikastolek beren urtebetetzeak ospatzeaz gain, Hazparne aldean mendi martxak prestatuko dira.

Biarritzeko Itsas Argi ikastolak 40 urte bete ditu eta ospakizunarentzat maiatzaren 24an adin guztiei zuzendutako aktibitateak prestatuko dira. 11.00etatik aitzina xare pilota partidak bestari hasiera emanen dio eta ondotik Idoki etxe ekoizleen eskutik bazkaria eskainiko da. 17.00etatik Herritmo taldeak dantzaldia alaituko du.

Modu berdinean, Urruñako ikastolak 20. urteurrena ospatuko du. Horretarako, 11.00etan haurrendako pilota ikastaroa iraganen da. Bazkaria ondotik, ikastolako haurrek ikusgarri bat prestatuko dute. Egunean zehar puzgarriak, jokoak eta animazioak presente izanen dira.

Maiatzaren 24an ere, Sarako Olhain ikastolaren besta iraganen da. Egunean zehar, kantaldia, jokoak eta musika garaile izanen da. Halaber, larunbata eta igandean, Uztaritzen, Integrazio Batzordearen aldeko "Brik a Brak" ekitaldia antolatuko da. 

Mendira, ikastolaren alde

Igandean, Ezkia ikastolak antolaturik, Urtsumendi, Hazparne eta Kurutxerakoborda menditik ibiliko den martxa iraganen da. Hain zuzen ere, hiru ibilaldi prestatuko dira oinez eta beste bi mendiko bizikletarekin eginen dira.