Kazeta

"Sistema ekonomiko menperakorraren" kontrako ekintzak

Maiatzaren 1ean iragandako ekintzak aldarrikatuz, Mediabask komunikabideari agiri bat helarazia izan zaio.

Langileek atzeman dute lehergailua, agentzia idekitzean. © Argitxu Dufau)
Langileek atzeman dute lehergailua, agentzia idekitzean. © Argitxu Dufau)

"Agiri honen bidez, maiatzaren leheneko asteburuan Ipar Euskal Herrian banketxeen eta higiezin agentzien kontra burutu ditugun ekintza prebentiboak gure gain hartzen ditugu". "Maiatzaren leheneko deia: herriak ez dira salgai" izenburupean, Mediabask komunikabideari agiri bat helarazia izan zaio. Bertan, "langileen eta langabetuen" egunean egindako ekintzen arrazoiak jakinarazten dira. Nagusia: kapitalismoaren kontrako borroka.

Oharrean, egileak maiatzaren lehenean burututako operazioak enpresetako langileak ez zituela kaltetu nahi argi uzten du; "baizik eta sistema ekonomiko menperakorraren iraultzea" zuen helburu.

Agiriaren bidez, Euskal Herrian "jendarte hobe baten eraikitzeko alternatibak nabarmenak eta eginkorrak" direla azpimarratu du. Hauek "lehiakortasunaren eta diru gosearen defendatzaileak zanpatzen eta desbideratzen dituzte, oinarrizko eskubideak, herri oinperatuak eta natura biktimatzat hartuz".

Egileen iritziz, banketxeek eta higiezin agentziek "politika bortitz hori bultzatzen" dute. "Etekinaren logika baliatuz, estortsio eta iruzur egiten dute, espekulatuz eta ondareak eskuperatuz, aberatsak babestuz eta jendea bizirautera bortxatuz. Gaiztagin elkarte horiei bidea moztea premiazkoa da, herri dinamika anitz eta baterakoien bitartez".

"Kapitalismoa hondoratzeko" deialdia luzatzen dute. "Baliabide guziekin, baita molde defentsiboan, pintura, harriak eta erregaia erabiliz, Euskal Herri osoan enpresa zurgatzaileak borrokatzeko. Beldur gabe eta itxaropenez, berantegi izan baino lehen!".