Nagore BELASTEGI

Baleak ehizatzera joan, baina beraiek harrapatu zituzten

«Espainolen hilketa» deitu izan zaio 1615ean Holmavik herrian gertatutakoari. Baina soberan dakigu bertan hil zituzten baleazaleak euskaldunak zirela. Gertaera hori gogoratzeko, ezagutzera emateko eta egian azaleratzeko kongresua antolatu zuten Islandian. Hona hemen abentura triste ezezaguna.

1615ean Holmavik herrian 32 euskal baleazale hil zituzten.
1615ean Holmavik herrian 32 euskal baleazale hil zituzten.

Aste honetan iritsi zaigu berria; Islandiako mendebaldeko fiordoetan euskaldunak hiltzea debekatu dute. Bizitzeko eskubideak inplizituki dakar debeku hori, baina keinu sinboliko horren bidez Islandia eta Euskal Herriaren arteko adiskidetasuna adierazi nahi izan dute. Irribarre bat ateratzen digun albiste harrigarri honek, anekdota bat besterik ez denak, badauka atzean istorio bortitz eta triste bat gurean oso ezaguna ez dena: 1615ean Holmavik herrian 32 euskal baleazale hil zituzten.

Euskal baleazaleak, norvegiarrekin batera, historiako lehenengo balea ehiztariak izan ziren eta horregatik ez da arraroa ahal izan zuten itsasertz guztietara iristea. Ternuan egindako lana ezaguna da; izan ere, bertako eremu batean hainbat eta hainbat euskaldun gelditu ziren bizitzen euskal kolonia txiki bat osatu eta bertakoekin nahastuz. 1550 eta 1570 urteen artean, euskal marinelek Ternuan 30 itsasontziz osatutako flota zuten, non bi milatik gora marinelek egiten baitzuten lan. Horiek, urtean 400 balea inguru ehizatzen omen zituzten. Hala, flotaren handiaz baliatuz, Islandiara ere iritsi ziren.

Sumendien irlan gertatutako abentura hori ekartzen digu testu honek. 1615ean Islandia Danimarkako koroaren menpe zegoen, baina honek ez zuen lurralde osoa kontrolatzeko gaitasunik. Hortaz, balea ehizaren monopolioa mantentzeko asmoz, lege bat ezarri zuen, beste inork ez zitzan ehizatu.

Hala ere, ez zegoenez benetako kontrolik, Ögurko gobernadorea, Ari Magnusson, legez kanpoko lizentziak saltzen hasi zen etekina atera asmoz. Orduan, hiru itsasontzi gipuzkoar iritsi ziren Islandiako uretara eta baleak ehizatzeko zuten trebeziarekin ez zitzaien gehiegi kostatu animaliak aurkitzea eta harrapatzea. Hala, dirutza atera zuten haragi hori eta baleetatik ateratako lehengaiak saldu ostean. «Tamalez, kanpainaren amaieran, ekaitz haizetsu handi batean hondoratu ziren hiru itsasontziak. Horrek irakurketa politiko bat izan zuen: zer egiten dute euskaldunak hemen, eta zergatik ari dira baleak ehizatzen?», aipatu zuen Xabier Irujo historialari adituak.

Itsasontziak hondoratu zirenean, marinelak Holmavik herrian gelditu ziren bizitzen urtebetez, eta Pedro de Aguirre eta Esteban de Tellariaren barkuetako eskifaia etxera itzuli zen ondoren. Baina Martin de Villafranca kapitainaren esanetara zeuden gizonak bertan gelditu ziren. Gertaera horrek Danimarkako koroaren arreta piztuko zuelakoan, eta bere ohorea garbitzeko asmoz, euskaldunak hiltzea agindu zuten. Erregeari leialtasuna erakutsi nahi zioten, legez kanpoko baimenak banatu izanaren errua kitatzeko. Horrez gain, urte horretan bertan lege berri bat ezarri zuten, atzerritar batek Islandian negua igarotzen bazuen, bera hiltzeko eskubidea zegoela zioena.

«Modu latz batean akatu zituzten; aizkorakadaz, desarmaturik zeudenean –kontatu zuen historialariak– behin hilda, gorpuak zatitu egin zituzten eta ez zituzten ehortzi. Gainera, ondasunak lapurtu zizkieten». Gertatutakoaren berri dugu Jon «Laerdi» Gudmunsson idazleari esker. Gobernadoreak eskatu omen zion, beste olerkari batzuei bezala, euskaldunen kontrako idazki bat egiteko, piratak zirela esateko, baina honek euskaldunen alde egin zuen benetan gertatu zena kontatuz. Berak aipatu zuenez, herritik ihes egin zuen ez zuelako erasoetan parte hartu nahi.

Hala ere, adituek uste dute Laerdik ez zuela biztanleengandik inolako presiorik jaso; hau da, berak idatzitakoarekin ados zeudela uste dute eta, beraz, olerkariak idatzi bezala, euskaldunek ez zutela ezer txarrik egin. Magnusson gobernadoreak, aldiz, mendeku hartu zuen berak agindutakoari kontra egiteagatik. Laerdi sorginkeriagatik salatu zuen, eta horrek ondorio latzak ekarri zizkion olerkariari.

Dirudienez, gainerako idazleetako batzuek gobernadoreek eskatutakoa idatzi zuten eta, horregatik, batzuetan euskaldunak errudunak zirela uste izan da.

Bestalde, esan izan da Gipuzkoako Biltzar Nagusiek hilketaren berri izan eta ezer egin ez zutela. Irujoren ustez, hori ez da guztiz egia. Izan ere, garai hartako oso dokumentazio gutxi dago. Gipuzkoak neurriren bat hartu izana frogatzen duen agiririk aurkitu ez izanak ez du esan nahi horrelakorik egin ez zuenik.

Historialariak zabaldu izan den beste ideia baten kontra egiten du gogor: XVII. mendea bortitza zela. «Garai hartan gauza horiek gertatzea arrunta zela zabaldu da. Uste dut inork ezin duela esan XVII. mendea XX. mendea baino bortitzagoa izan zenik, batez ere kontuan hartuta XX. mendean bi mundu gerrak eta holokaustoa gertatu zirela. Orain Armeniako genozidioak 100 urte bete ditu. Gizakiaren historian inoiz ez da hainbeste jende hil XX. mendean bezala. Beraz, ezin dugu esan gauza horiek aspaldian gertatzen zirela, orain ere gertatzen direlako».

Teoriak argitzen

Pasa den astean Xabier Irujo Islandian izan zen Etxepare Euskal Institutuaren laguntzarekin antolatutako kongresu batean. Horren baitan, euskaldunen hilketaren 400. urteurrena ospatu zuten, eta hitzaldi sorta bati esker, adituek gogoeta egin ahal izan zuten. Amaierako ekitaldia hunkigarria izan zen, eta oso adierazgarria, zendutako arrantzaleei omenaldia egin zitzaienez.

Alde batetik, Illugi Gunnarson Islandiako Kultura Ministroa eta Martin Garitano Gipuzkoako Ahaldun Nagusia bildu ziren Holmaviken. Bigarrenak Islandiako Gobernuko bandera txiki bat jaso zuen, bi herrialdeen arteko bakearen eta adiskidetasunaren seinale. Ondoren, Xabier Irujo bera eta Magnus Raffnson arkeologoa besarkatu egin ziren. Raffnson euskaldunak hiltzen ibili zen pertsona haietako baten ondorengoa da. Irujok hil ziren euskaldunen izenean parte hartu zuen ekitaldian, nahiz eta ez den ondorengo zuzena: «amatxiren familia mutrikuarra da eta balea ehiztari horietako batzuk mutrikuarrak ziren, eta abizen bera dugu, besterik gabe».

Hala ere, bi gizon horientzat une hori biziki berezia izan zen lagunak direlako. Lagun egin ziren euskaldunen hilketari buruz ikerketak egiten. «Duela zazpi urte, heldu nintzenean, bere etxera joan nintzen eta ezustean eraman ninduen Holmavikeko basera. Nik ez nekien hain gertu zegoenik. Bisitan joan nintzen esateko kongresu bat egiten ari ginela eta berak parte hartzea nahi genuela», kontatzen du oroitzapen onak batuz. Elkarrekin afaldu eta elkarlanean aritzea erabaki zuten.

Istorio hori Euskal Herrian apenas ezagutzen ez bazen ere, Irujok pasadizoaren berri izan zuen. Selma Huxley idazleak Ternuari buruzko ikerketa sakon bat egin zuen 1980ko hamarkadan eta bere liburuetako batean Islandiako afera aipatzen du. «Horrek jakin-mina piztu zidan eta pixkanaka horren inguruan ikerketak egiten hasi nintzen. Etxeparerekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin jarri nintzen harremanetan».

Elkarlan horren fruitu oparoa izan da pasa den asteko kongresua. Bertan ideia desberdinak eztabaidatu dituzte. Adibidez, kofradiek balea harrapaketan enpresan zuten paperaz mintzatu ziren. Historialariaren esanetan, konpainia handiek gizonak kontratatzen zituzten eta arrantzaleek zeresanik ez zutela uste zen, baina ez da horrela.

Kofradiek euskal kostaldean aritzen ziren batez ere, baina konpainia handiak antolatzen zituztenean, horiek kapitainak kontratatzen zituzten, ostean, gainerako eskaifaiako kideak hautateari ekiteko. «Gizon horiek ez ziren sistema liberal batean bezala kontratatzen, kofradien babesa zutelako. Eskubide laboralak zituzten horiei esker. Hiltzen baziren, euren familiarekin zer gertatuko zen zehazten zuten. Eta, noski, lanaren kudeaketa ere kontutan hartzen zuten».

Gainera, arrantzaleek bazekiten lan hori oso arriskutsua zela eta konfidantzazko kideekin joatea bizirik segitzeko modurik ziurrena zela. Horregatik, ez ziren itsasoratzen ezagutzen ez zituzten kideak ontziratuta. Normalean, herri bereko arrantzaleak elkartzen ziren, nahiz eta kofradia desberdinetakoak izan, beraientzat garrantzitsua zelako arpoilaria, lemazaina, harakina, zurgina, etab., nortzuk ziren jakitea; alegia, taldea ona zen ala ez.

Hori dela eta, kongresuan ondorioztatu dute euskal arrantzaleen kofradiek ere rol garrantzitsua betetzen zutela konpainia handien barnean. Horiei esker, gainera, ikasten zituzten ehizatzeko teknikak, eta lanak nola banatu eskifaiakoen artean.

«Baskavígin»

400 urtez “Espainolen hilketa” bezala ezagutu izan da gertaera hori (Spánverjavígin, islandieraz), guzti-guztiak euskaldunak zirela aski ezaguna den arren. Jazoerari “Euskaldunen hilketa” deitzeko saiakera egiten ari da Irujo, nahiz eta badakien ez dela batere erraza Islandian, ez delako ezagutu berri duten zerbait, eta tradizioz horrela deitzen diotelako.

«Orain jakin badakigu marinel horiek gipuzkoarrak zirela. Kulturalki, juridikoki, legalki, politikoki, 1615ean gipuzkoarrak gipuzkoarrak ziren eta Gaztelakoak gaztelarrak; Gaztelatik etortzen ziren pertsonak atzerritarrak ziren Gipuzkoan. Ezin zuten ofizio publikorik egin, edozer salgai sartzeko aduanatik pasa behar ziren, protekzionismoak bazuen bere indarra-eta; beraz, sagardoa ezin zen sartu», azaldu zuen Irujok hildako marinelei «espainol» deitzeak ez duela inolako zilegitasunik adierazteko.

«Hemendik aurrera, pertsona hauen ohorez, ‘Euskaldunen hilketa’, ‘Baskavígin’ deitzen hasi beharko ginateke. Zaila da aldatzea etiketa honek 400 urte dituelako. Garai hartan ‘espainola’ beste gauza bat zen, gaur egungo penintsularra edo iberikoa. Ez zuen inongo esanahi juridiko-politikorik, hitz geografiko bat besterik ez zen», aipatu zuen.

Esan bezala, espedizio honetan parte hartu zuten hiru itsasontzietako arrantzale guztiak gipuzkoarrak ziren. Hala ere, gerora, XVII. mendean bertan, gainerako kostaldeko euskaldunak Islandiara iristen hasi ziren. Lapurtarrak eta bizkaitarrak ere bertan izan ziren; islandiarren eta euskaldunen arteko harremana hain zen estua, ezen islandiera-euskara glosarioa osatu baitzuten. Hitz gehienak lapurteraz daude, baina badaude gipuzkerazko beste batzuk, eta bizkaierazko zenbait esamolde ere bai.

Euskara-islandiera hiztegia

100 urtetan zehar izandako harreman horren ondorioz euskara-islandiera pidgina sortu zuten –pidgin bat hizkuntza bati beste baten unitate lexikoak elkartzean eratzen den hizkuntza da. Euskal baleazaleek Islandian eta Ternuan osatu zuten pidgina–. Bizikidetzan oinarritzen den hizkuntza hau Jon Helgason filologoak aurkitu zuen 1905ean. Honek Kopenhageko Unibertsitateko Arnamagnaeana liburutegian bi hiztegi aurkitu zituen. Eskuizkribu horiek XVII. mendearen bukaerakoak edo XVIII. mendearen hasierakoak dira. Lehenengo hitzegiak 16 orrialde ditu eta 517 hitz eta bigarrenak 10 orrialde eta 228 hitz. Hau da, guztira, 745 hitz.

Liburuetan eguneroko hitzez gain, baleak harrapatzearekin lotutakoak ere biltzen dira. Egileak nortzuk izan ziren ez da ezagutzen, baina ikerlariek uste dute marinelen jardueretan aritzen ziren bi idazle izan zirela, bertako biztanleekin lotura estua zutenak. Gerora beste bi hiztegi aurkitu zituzten.

Honako hauek dira liburu horietan jasotzen diren zenbait esaldi, euskal arrastoak sumatzen direnak: «Utinam renascatur pulchrius ac fortius Vasconia et bona cum pace iamiam vivat Hispania» («Utz ezazue Euskal Herria inoiz baino sendo eta ederrago biziberritu, eta Espainiarekin laster bakean bizi ahalko delako esperantza!»); «For ju mala gissuna» («Gizon gaiztoa zara»); «For mi presenta for ju biskusa eta sagarduna» («Bixkotxa eta sagardoa emango dizkizut»); «Gianzu caca» («Janzazu kaka»).

«Sua» eta «harria» euskaraz bezala esaten zituzten, «aizkora» berriz, «eskora» eta ondasunak «trukatu» beharrean «truckatu» egiten zituzten. Eskuak babesteko «eskularrua» ez, baizik eta «schularua» erabiltzen zuten. «Gessurtiak» gezurrak esaten zituen eta «nescagastia» neska gazte bat zen.

Bistan da, distantzia gorabehera, islandiarrek eta euskaldunek iragan komun bat dute, adiskidetasun luze bat ekarri zuena, 1615eko pasarte bortitz hori kenduta. Hala, Ögusko gobernadoreak garai hartan indarrean jarri zuen lege hura, euskaldunak hiltzea baimentzen zuena, bertan behera gelditu da.