Kazeta

Etxerat: "Giza eskubideen urraketei bukaera emanen diegu"

Maiatzaren 3an Etxeratek XIV. Nazio Batzarra Iruñean ospatu du. 500 lagun inguruk "dispertsioaren bukaeraren hasiera marrazten" ari direla azpimarratu dute eta "giza-eskubideen alde lan egiteaz ez dira nekatuko", nabarmendu dute.

500 lagunetik gora batu dira Etxeraten Nazio Batzarrean. (vía twitter @GARA_miantzi)
500 lagunetik gora batu dira Etxeraten Nazio Batzarrean. (vía twitter @GARA_miantzi)

Euskal preso eta iheslari politikoen senide eta lagunak batzen dituen Etxerat elkarteak XIV. Nazio Batzarra burutu du igande honetan Iruñean. Elkarteak "giza eskubideen urraketen amaiera eskatu baino, amaiera emanen" diotela nabarmendu du. Etxeratek Batzarrean dispertsioak eragiten dituen ondorioak gogoratzeaz gain, gaixorik dauden presoen kasuak gaineratu ditu.

"Sakabanaketaren bukaeraren hasiera marrazten ari gara", azpimarratu du Etxeratek. Iruñean ospatutako hitzordua "ezohikoa dela" adierazi du; "bai senideon asistentzia aldetik, baita eragile ezberdinek erakutsi diguten babes aldetik.

Etxeraten arabera "ez da urte erraza izan". Hilabeteko istripu bana izan da apirila bitartean. Horren harira, dispertsioak eragindako hamasei lagunak omendu dituzte. Halaber, gogoan izan dituzte preso gaixo larriak: Ibon Iparragirre, Aitzol Gogorza, Ibon Fernandez Iradi edo Txus Martin.

Aldi berean, 2014an presoen bi funtsezko oinarri deuseztatu nahi izan dituztela salatu dute: «defentsa juridikoa eta osasungintza».

Europari begira

Etxerat elkartea «zuzenean» kolpatu dutela gogoratu dute eta horrek bide egokian lanean ari direla erakusten duela adierazi dute.

Adibide bezala Euskal Herri mailan egindako bilkurak eragile politiko hainbatekin eta bereziki atzerrian, Europako Parlamentuan «gure egia erakusteko eta zabaltzeko» egindako parlamentariekin harremanak aipatu dituzte.

Etxerat elkarteko kideek ez direla nekatuko nabarmendu dute eta dispertsioa eta eskubideen urraketen amaiera eskatu baino, amaiera emango» diotela adierazi dute. «Ezinezkoa dute elkartasunaren suaren inguruan biltzea eragotzi. Etxerat piztuta daramagulako gure barnean», nabarmendu dute.