Kazeta

Zazpi taldek garaipena lortu dute EHrZ lehiaketan

Aurtengo EHrZ lehiaketan zazpi taldek festibalean jotzeko parada irabazi dute. 20. urteurrena ospatuko duen edizioa iragan baino lehen, apirilaren 24an Kanbon populazio gutxituei buruzko zinemaldia hasiko da.

 

Kasernarat, Il Muro Del Canto, Goliath, Un Gos Robant, Kuma No Motor, Bilbomatiks eta Kolinga. EHrZ lehiaketari esker, Euskal Herria Zuzenean jotzea lortu duten taldeak honakoak dira. Orotara, antolatzaileek zazpi nazionalitate ezberdineko 50 bat taldek lehiaketan parte hartu dutela adierazi dute. Aurtengo ospakizun bereziaren karietara, EHZak populu gutxituei buruzko zinemaldia antolatu du. Lehen hitzordua apirilaren 24an Kanboko gaztetxean iraganen da.

"Beste behin, EHrZ lehiaketa arrakasta bat izan da", adierazi dute antolatzaileek. Nazionalitate askotako taldeak topaketan parte hartu nahi izan dute, baina azkenean publikoaren bozei esker zazpi dira hautatuak izan direnak. Hauek uztailaren 3tik 5era Lekornen iraganen den ospakizunean parte hartzeko parada irabazi dute.

EHZko antolatzaileek, EHrZtako irabazleen konpilazioa entzungai eman dute eta horretaz gain, libreki jeisteko parada eskaini dute. Mementuz festibalaren programazio osoa ez da argitaratua izan, baina antolakuntzak heldu den astean talde guztiak plazaratuko dituela esplikatu du.

Zinemaldia hasten da

Aurtengo edizioak hogei urte ospatzen dituenez, programazio "berezia" izanen zela jakin da. Horri lotuta, "Gure buruak deskoloniza ditzagun" lemapean EHZ zinemadia antolatu dute. Lau hitzorduren bitartez populu gutxituen gaia jorratuko da filmen proiekzioa eta eztabaiden bitartez.

Lehen proiekzioa "Echo de la commune libre de Barbacha" filma izanen da eta apirilaren 24an 21.00etan Kaboko gaztetxean eskainiko da. Maiatzaren 13an 20.00etan Mauleko Zinka ostatuan "Ne vivons plus comme des esclaves" filma ikusten ahalko da.

Ondotik, ekainaren 12an 19.00etan Hazparnen, "Cause Commune" eta "Gitana soy" dokumentalak plazaratuko dira, Emazteek Diote elkartearekin egindako elkarlanari esker. Azkenik, ekainaren 30an 20.00etan Lekorneko Garroa gazteluan, "Viva Cuba" eta "Suite Havana" filmak eskainiko dira.