Kazeta

Amatxi: Euskal Herrian "informazio informala" eskainiko duen fanzina berria

Apirilean Ipar Euskal Herrian argitaratutako Amatxi fanzina berriaren ezaugarriak honakoak dira: "euskarazkoa, librea, urririk, komertzialik gabekoa eta herrikoia". Mementuz, "informazio informala" eskainiko duen euskarria mediateka eta liburutegietan banatuko da.

Amatxi hilabeteko aldizkaria izanen da.
Amatxi hilabeteko aldizkaria izanen da.

Apirilean anonimoa den Euskal Herriko lagun talde batek Amatxi deitutako fanzina berria argitaratu du. Gogoetak sortu eta animatu nahi dituen aldizkari berri hunek, edozeini hitza hartzea animatzen du. Mementuz, mediateka eta liburutegietan hedatuko da, baina modu berezian. Guneei eskaini ondoren, norberak lau orrialdeko fanzina inprimatu beharko du: "Do It Yourself" (Egin zu aurek) moduan.

Amatxi fanzina berria, "euskaraz, libre, urririk, iragarki komertzialik gabekoa eta herrikoia" izanen da. Anonimotasuna mantentzen duten bultzatzaileek, "kultur ekitaldien berri emaitea, obra artistikoen zabaltzea edo edonori hitza hartzeko" parada emaitea helburutzat dutela adierazi dute.

Lehen alean agertutako edukiak anitzak dira. Alde batetik, erran zahar bat islatzeaz gain, gaurkotasunezko gaia den Hazketa hondakindegiari buruz mintzatzen da.

Hedapen ezberdina

Hilabetean behin argitaratuko den euskarria mementuz Ipar Euskal Herriko liburutegi eta mediateketan banatuko dela iragarri dute. Hala ere, adibidez, taberna edo dendek eskatzen baldin badute aleak emailez bidaliak izanen zaizkiela aitzinatu dute.

Amatxi aldizkariaren hedapena modu berezian eginen da. Liburutegi edo mediatekek jaso ondoren, norberak inprimatu eta "marjinak moztu eta erditik plegatzea" pentsatu dute: "Do It Yourself moduan". "Behin moztu eta plegatuta, lau orrialdeko fanzina sinplea bilakatzen da", gehitu dute sustatzaileek. Beren iritziz, difusio mota berezi hunek orrialdeak inprimatu eta banatzea ez behartzeaz gain, "anonimotasuna bermatzen du".