Kazeta

AHT: Tours-Bordele ibilbidearentzat baztertutako 26 milioietatik, 14 milioi "desagertuak"

Bizi ACBAko lehendakaria den Jean-René Etchegarayekin bildu da Tram'Bus proiektu berria aipatzeko. Ingurumenaren aldeko taldeak egitasmoak lurraldearen garraioaren egoera hobetuko duela ondorioztatu du. Horrekin batera, aldiz, Tours-Bordele AHT ibilbidearentzat baztertutako 26 milioi euroetatik, 14 milioi gelditzen direla jakin du.

Bizik maiatzaren 30en 15.00etan ACBAren egoitzan txirrindulaz eginen den mobilizazio bat antolatu du.
Bizik maiatzaren 30en 15.00etan ACBAren egoitzan txirrindulaz eginen den mobilizazio bat antolatu du.

Apirilaren 17an Bizi taldeko bost ordezkari ACBAko lehendakaria den Jean-René Etchegarayekin eta beste bi teknikarirekin elkartu dira martxan jarriko den Tram'Bus proiektuaz mintzatzeko. Taldeak bilkuraren helburua bikoitza zela esplikatu du: Tram'Bus proiektuaren xehetasunak lortu eta egitasmoarentzat prestatutako 130 milioi euroko aurrekontua argitu. Horren harira, ingurumenaren aldeko ekintza egunaren karietara, maiatzaren 30en, Bizik 15.00etan ACBAren egoitzan txirrindulaz eginen den mobilizazio bat antolatu du. 

Chrono 1 eta 2 lineen jarraipen gisa, 2012. urtean Tram'Bus proiektua onartua izan zela oroitarazi du Biziko kidea den Iban Grossierek. Nahiz eta hastapeneko proiektuari aldaketa batzuk ekarriak izan zaizkion, oinarrizko xedea errespetatua izan dela gehitu du kideak.

ACBAko lehendariak proiektuarentzat beharrezkoak diren 130 milioi euroak "identifikatuak eta ia-ia segurtatuak" dituela adierazi du Ingurumenaren aldeko taldeak; "berri on bat" Grossierentzat.

Diru publikoaren erabilpena

"Alta, Hiriguneak Tours-Bordeaux AHT bide zatiarentzat baztertu zituen 26 milioi euroetatik  14 milioi bakarrik gelditzen direla jakiteak, zinez harritu gaitu! Baginakien jada 2,59 milioi euro ordainduak izan zirela. Gaur ikasi dugu 9 milioi euro inguruko ordainketa berri bat egina izan dela", erran du kideak kezkaturik.

Elkartearen ustez, erabilitako diru publikoa gizartea laguntzeko bideratu behar litzateke, "Tram'Bus-arekin gertatzen den bezala, baina ez inposatuak eta behargabekoak diren AHT bezalako proiektuentzat". Horregatik, Tours-Bordele AHT ibilbidearentzat baztertutako milioiak "hiriguneko beste garraio molde alternatiboentzat" erabiliak izan behar direla aldarrikatu du.