Jon GARMENDIA

Musika eta kalaka leize-zuloetan sortu balira bezala

Kalakan musika taldeak bere azken lana aurkeztu du Sarako leizean. «Elementuak» izena du diskoak, eta Madonnarekin biran ibili ondoren oinarrietara itzuli da Ipar Euskal Herriko hirukotea, kantu tradizionalak bildu, beren maneran egokitu eta zuzenekoak eskaintzera. Hamalau abesti eskaintzen ditu emanaldietan soilik salduko den diskoak.

Kalakaren disko berriaren aurkezpena Sarako leizeetan. ©Isabelle Miquelestorena.
Kalakaren disko berriaren aurkezpena Sarako leizeetan. ©Isabelle Miquelestorena.

Ez da ohikoa leizeetan disko bat aurkeztea, baina Thierry Biscary, Xan Errotabehere eta Jamixel Bereauk osatutako Kalakan taldeak ohikoak diren gauza guti biltzen ditu, agian, kantu tradizionala lantzen dutela baino ez, eta euskaraz dela egiten duten hori, finean, ama hizkuntza baitute hirurek.

Atzo Sarako leizean antolatu zuten azken diskoaren «Showcase»-a, hau da, kantuen zuzeneko labur bat, eta Thierry Biscaryk ongi etorria euskaraz eman zuen, diskoaren aurkezpena hizkuntza horretan eginaz; ondoren barkamenak eskatzen hasi zen frantsesez eta Xan Errotabehere taldekideak istantean erran zion ez zuela halakorik eskatu beharrik. «Bai egia da, gure hizkuntza da euskara, eta batez ere, disko honen hizkuntza; zuzenekoak ezaugarritzen gaitu gu eta justuki hori egin nahi dugu aurrerantzean, zuzenekoak eskaini eta dakigun hizkuntzan egin» erranaz jarraitu zuen Biscaryk. «Egurra, metala, larruak, airea eta funtsezko elementua: isiltasuna», aldarrikatu izan ditu musika taldeak oraino. Atzokoan, harria ere gehitu zioten elementu horiei guztiei, eta txirula soinu nahiz danbor hotsek bibrazioz josi zituzten paretak; oihartzun gozoa sorrarazi zuen hirukotearen ahots kantuak Xaretako eremuan, loaldian izan daitezkeen sentimendurik isilenak ernatzeraino.

Etxahun-Iruriren “Ama Euskadi” izan zen ahots kantu lehena; diskoaren irekidura ere berak egiten du, eta ondotik datoz beste hamahiru kantu; lau instrumentalak dira, “Txai”, “Amaiur”, “Belatz gorria”, eta “Hombarerimbom”, eta bi dira aurreko diskoetakoak, “Sagarra jo” ezaguna eta “Kantuz”, biak ala biak propio moldatuak.

Gainerako abestiak berriak dira, ez doinuak baina bai moldaketak; hau da, Kalakan taldeak ez baitu beste munduko gauzarik egiten, antzinako abestiak hartu eta egokitu baizik ez, mundu honetara ekarri, abesti anitz ahanzturak preso hartu dituelako, eta aske bilakatzen ditu berriro Ipar Euskal Herriko musika taldeak, sinpletasunez, hori dena baitago mundu honetan. «Sinpletasunera jo nahi izan dugu, askotan gauza sinpleak baitira ederrenak, materia, konexioak, elementuak, bibrazioa, emozioak landu ditugu, sinpleki. Biziki akituak geunden, Madonnarekin bira egin-eta bururatu zitzaigun diskoa grabatzea, baina bertan behera utzi genuen, nekadura zen nagusi gure artean, eta zalantzak; hau da, baliatuko ote genuen bide hura edo guretik segituko genuen. Bi urte eta gero hona emaitza, gurera itzuli eta maite dugun horretan jarraitzea, zuzenekoekin; hori da Kalakan», azaldu zigun Jamixel Bereauk.

Aipatu behar da diskoa ez dela dendetan salduko. Kalakanekoen izpirituari jarraiki, zuzenekoetara hurbildu beharko du hura eskuratu nahi duenak.