Laborari

Haragi transformatua

Amaia eta Domingo Etxeberri-Bortheiri Suhuskuneko “Amestoia” etxaldean ari dira. Pottoken haragia transformatzeko eta saltzeko erabakia hartu dute. Hain zuzen ere, produktua "Zaldi Xuri Beltz" izenarekin saltzen dute. EHLG antolaturik, heldu den apirilaren 9an "Amestoia" etxaldea bisitatzeko para eskainiko da. 

EHLG antolaturik, heldu den apirilaren 9an "Amestoia" etxaldea bisitatzeko para eskainiko da. Argazkia: Laborari
EHLG antolaturik, heldu den apirilaren 9an "Amestoia" etxaldea bisitatzeko para eskainiko da. Argazkia: Laborari

Zuen etxaldea presentatzen ahal duzue?

Domingoren familiako etxaldean instalatuak gira. 2002an Domingo bere aitarekin instalatu zen Gaec-an. 2007an, Domingoren aitak erretreta hartu zuen eta bere amak bere lekua hartu zuen. 2013an, ama erretratara joan zen eta instalatu nintzen. Biek laborantxako formakuntza segitu dugu Frantsesenian.

32 hektara baditugu. 400 ardi Manex buru gorriak hazten ditugu eta esnea saltzen dugu esnetegira. 14 behi haragitakoak, 15 zaldi “comtois” eta 15 pottok baditugu ere. Mendia usu erabiltzen dugu kabalekin. Pottokak mendian sortzen dira primaderan eta seizazpi hilabetez beren amarekin uzten ditugu han. Larrazken undarrean, menditik pentzetara eramaiten ditugu. 10-12 hilabete ukan eta gizentzeko sartzen ditugu hiru hilabetez, belarra eta zerealak emanez.

2008tik geroz ardiak ez ditugu mendira igortzen ahal, agalakzia ukanagatik. Etxeko pentzetan behar ditugu atxiki. Tropa garbia izanen direlarik berriz mendira joanen dira. Eritasuna aintzin Luz Ardiden-era joaiten ginen ekaina bukaeratik iraila bukaera arte. Mendian girelarik guk egiten dugu ardien zainketa, hiru laborarien artean aldizkatzen gira aste bakotx. Ez dugu artzainarik. Betidanik mendiarekin hola lan egin dugu kabalen sanotasunarentzat, etxeko lurren libratzeko soro gehiagoren egiteko eta guretako  pausa bat egiteko ere. Bazkan ez gira autonomoak, luzerna eta belarra kanpoan erosten ditugu, etxeko ensilaja emaiten dugu martxoa arte.

Ainitz pottoka eta zaldi ikusten dira oraino mendietan?

Ez, ttipitzen ari dira, sustut pottokak. Batzuk uzten dituzte beren gisan. Batzuk zaldiak atxikitzen dituzte mendiaren garbitzeko. Pottokak ez du pitxik balio. Paperren egiteak eta puza [txip elektronikoa] ezartzeak 70 euro kostatzen du. Deusentzat saltzen da: 40-50 euro artean. Batzuk ezarri dituzte primendako, duela lau urte artio hainbat zaldi, hainbat prima bazen, 40 zaldi artio; orain 150 euroko prima bada 15 zaldi artio. Batzuk UGB gehiagoren ukaiteko ezartzen dituzte ere. Guk gustuz zaldiaren hazkuntza atxikitzen dugu, ez primak hunkitzeko. Trakasa da ere, basak dira eta zaila da biltzea, egun guziz behar da joan mendira ikustera, begia behar da atxiki.

Pottoken transformazioa hautatu duzue...

Bai, pottoken haragia transformatzen dugu. Amaia instalatu ondoan, pario bat izan da proietu horren garatzea, pottokak balio gehiago emaiteko. Zerbait transformatu nahi ginuen, kanpoko harremanak ukaiteko parada zen ere. Betidanik etxean zaldia jaten genuen eta haragi hori maite genuen. Ainitz laborarik gasna ala ahatxekia egiten dute, bainan ez zaldikia. Lehen, zaldikia ainitz jaten zuten, zaldiki buxeriak baziren. Gero, zaldia konpaniako kabala bilakatu da gehiago.

Gure tropan, %25a hazkuntzako atxikitzen dugu eta %75a transformatzen. Garaziko hiltegian hilarazten ditugu. Orain arte, Belaunek transformatzen zaukun, aurten Anauzeko “Xuhito” Cuman [makinak konpartitzeko elkartea] sartu gira. Buxer batek mozten du eta guhaurek transformazio guzia egiten dugu, elkar laguntzen gira.

Cuman sartu gira kostuarengatik, bainan lana guhaurek ikasteko ere eta ezagutza gehiagoren ukaiteko. Guk hazten dugun ekoizpena, hastapenetik bukaera artio lantzen badugu, komerzial mailan badakigu guhaurek aipatzen, aberasgarriago da saltze harremanean.

Zaldikia jaztatzen dutenek biziki ona atzemaiten dute. Haragia gorria da, biziki tendrea, gizen guti eta burdin ainitzekin.

Direktoki saltzen duzue?

Hastapenetik Idokin sartu gira, guhaun buruaren ezagutarazteko eta laguntza ukaiteko komunikazio eta komerzial mailan. Zailena da komunikazioa. Maitatu behar da ere salmenta, bakotxak bere lekua egin behar du haragiaren saltzeko. Behar da ainitz denbora pasatu jendeeri esplikatzen. Idokiko merkatuetan saltzen dugu eta etxaldetik ere. Jakiten dugularik haragia noiz prest izanen den, gure kontaktuak deitzen ditugu eta aski jende dugularik hiltzea finkatzen dugu. Euskal Herrian saltzen dugu, gehiena barnekaldean.

Haragi freskoa 5-6 kiloko kolietan saltzen dugu : errekia, bifteak, rumsteak, kostak eta xipolatak ala saltsakia. 13 eta 14 euro artean kiloa saltzen dugu. Bokaletan ere saltzen dugu: axoa, saltxakia prest, lukinkak eta zozizonak. Ahatxekiaren ber prezioan saltzen da zaldikia bainan bizitik haragirat %60a galtzen du, %40a gelditzen da bakarrik, ahatxekian %60a saltzen delarik.

Biak etxaldeari esker bizi zirezte, baikorrak zirezte geroari buruz?

Baikorrak gira, momentuko gure proietuen gainditzen ari gira. Amaiak zortzi oren astero lan egiten du herriko etxean, lan hori deia bazuelakotz eta atxiki nahi duelakotz. Amaia sartu delarik, etxaldea bizigarria zen bi pertsonentzat.

Zaldi haragiaren galdea hedatzen ari da. Gureak saltzen ditugu mozkin gehigarri bat egiteko. Ez da etxaldeko mozkin importantena, laguntzen gaitu. Esneak du etxaldea biziarazten. Esne heinak atxikitzen dueno, ainitz etxalde bizirik atxikiko dira bainan esne krisia sartzen bada ainitz laborari kenka txarrean utziko ditu.

Beste proiektu batzu badituzue?

Zaldikia gehiago garatu nahi dugu, orain arte egin dugun bidean segitu. Amaiaren instalatze proietuetan zaldikia zen baita ere arditegi berri baten egitea, egun guziko lanen hobetzeko, tapizekin, eremu gehiagorekin. EHLGrekin AREA-PMBE dozier bat muntatu dugu. Uren tratatzea normetan jarri behar ginuen eta “station de filtres à roseaux”  [ur zikinak ihien bidez garbitzeko instalazio] baten ezartzea hautatu dugu ur zikinen sanotzeko. Ez du sobera eremu hartzen eta landareak gaina hartuko dute hodien gordetzeko. Landareek dute filtratzione lana egiten. Heldu den apirilaren 9an, goizez, sistema horren ikusteko parada izanen da gure etxaldeko ate idekitzeak baitira, EHLG-rekin antolaturik.