Kazeta

Eusko txartelaren izena eta irudia hautatzeko lehiaketa antolatu da

Euskal Moneta elkarteak, eusko txartela magnetikoaren izena eta irudia hautatzeko lehiaketa antolatu du. Bulegoak zazpi izen eta zazpi irudi aukeratuko ditu eta sorkuntza grafikoaren irabazlea maiatzaren 10ean iraganen den Herri Urratsen iragarriko da.

Eusko txarleta lehiaketaren aurkezpena. Argazkia Eusko elkartea
Eusko txarleta lehiaketaren aurkezpena. Argazkia Eusko elkartea

Eusko Elkarteak 2015. urtearen bukaeran eusko txartela magnetikoa kaleratuko dela iragarri du. Baina euskarriak izena eta irudia behar du. Horretarako, elkarteak lehiaketa ideki bat antolatu du. Bulegoak zazpi izen eta sorkuntza aukeratuko ditu eta eusko kideek hauen alde bozkatzen ahalko dute. Elkarteak, aurtengo Herri Urratsen sorkuntza grafikoaren irabazlea iragarriko duela adierazi du.

Euskal Moneta elkarteak euskoekin pagatzeko txartela aterako du. Kide txartel hori 2015. urtean ordainketak egiteko euskarria bilakatuko da, baina horretarako irudi eta izen berriak bilatzen dituzte.

Gaur egun arte dauden Eusko billeteak mantenduko dira eta txartela numerikoa, adibidez profesional zein partikularrentzat kontu batetik bestera transferentziak egiteko erabiltzen ahalko da. Elkarteak txartelaren helburua eguneroko transakzioak erraztea dela adierazi du.

Kideen eta epaimahaiaren hautua

Apirilaren 3tik 15a arte izena eta sorkuntza grafikoak proposatzeko deialdia izanen da. Apirilaren 18an eusko kideek biltzar nagusian gustukoen duten izenaren alde bozkatzen ahalko dute eta irudia apirilaren 18tik 30a arte.

Hautatuak izanen diren sorkuntzen artean, profesionalen bidez osaturiko epaimahai batek irabazlea aukeratuko du. Hain zuzen ere, kideen bozkak %50a balioko du eta epaimahaiarenak beste %50a.

Parte hartzaile bakoitzak izen bat edo gehiago proposatzen ahal ditu eta bestalde, 3 irudi bidaltzen ahal dira. Elkartearen webgunean lehiaketan parte hartzeko zehaztasun guztiak ikusgai dira.