Kazeta

Aitzina doa Korrika

Poliki-poliki bere ibilbidea segitzen du Korrikak. Urepeletik jende artean atera ondoren, Xiberora joan da gau huntan euskararen aldeko lasterketa. 10.00ak aldera Nafarrora ailegatuko da, Ainhoako herria gibelean utziz.

Korrikak Baigorri zeharkatu du, Bilbora bidean. © Bob EDME
Korrikak Baigorri zeharkatu du, Bilbora bidean. © Bob EDME

Urepeletik Bilbora abian da 19. Korrika. Baxe Nafarroako herrian Laida Etxemendik eta Peio Iputxak hasiera eman diote euskararen aldeko lasterketari. Poliki-poliki Urepeleko plaza husten joan zen Korrikako erritmoa hartzeko. Erritmo horrek ez du pausarik biziko heldu den martxoaren 29a arte, aurtengo edizioa Bilbon bukatuko delako.

Urepeletik hasi eta gero, Banka eta Baigorri zeharkatu ditu Korrikak. 20.00ak aldera Donibane Garazira iritsi da lasterketa. Iluntzean jende andana batek euskararen alde korrika egin du. Lehen eguna bukatu eta Oskaxeko lepoa igo ondoren, 00.34etan Maulera ailegatu da euskahaldunen mezua. Gauean zehar, Donapaule, Hazparne edo Kanbotik pasatu da.

9.45ak inguru Ainhoara ailegatuko da eta minutu batzu pasa ondoren Nafarrora sartuko da Urdazubi, Amaiur edo Elizondora iristeko. Iruñetik 20.00ak aldera pasatuko da euskararen aldeko lasterketa ezagunena.