Kazeta

Euskaren aldeko ahalmen urratsak Korrikarako prest

Korrikaren 19. edizioa abiatu baino lehen jendez bete da Urepele. Besta giroan egin dituzte Korrikarako "beroketa ariketak". Kantuak, ikusgarriak, tailerrak eta animazioak dira nagusi. 17.00etan abiatuko da lasterketa.

Bazkari herrikoia eta taloak prestatu dituzte antolatzaileek. © Bob EDME
Bazkari herrikoia eta taloak prestatu dituzte antolatzaileek. © Bob EDME

Euri tantekin altxatu da Urepele goiz huntan, baina eguzkiak Korrikaren alde egin du. Goizean goiz elkarlana garaile izan da azken prestaketak bukatzeko. Eszenatokia muntatu, kafea berotu eta azken pankartak behar diren tokian jarri. 09.30ak inguru txikienak karriketan ikusi dira eta hauek poliki-poliki entrenatzen joan dira Korrika txikirako. 10.00etan lasterketak Urepele, Banka eta Aldudetik etorritako haurrak bildu ditu. Erritmo azkarrean ibili dira parte hartzaileak eta minutu batzuetan plazara ailegatu dira.

Goizean zehar eguzki izpiekin batera, jendea etortzen joan da eta Urepeleko plaza txiki gelditu da Korrikaren hasierara hurbildu diren 3 000 pertsonei esker. Gaitaren soinuarekin, Baigorri eta Urepeleko erraldoiek beren txokoa lortu dute plaza erdian. Baxe Nafarroko herria kolorez bete da ziganteen zintei esker. Eguerdian, antolatzaileek 500 pertsonentzat prestatu dute bazkaria.

Euskararen aldeko urratsek milaka kilometro zeharkatuko dituzte gaurtik heldu den martxoaren 29raino. Urepeleko mendien artean euskalzaleak bilduko dira, Euskal Herria zeharkatuko duen lasterketa abiatzeko. Hain zuzen ere, 200 laguntzaileek parte hartuko dute egunaren antolaketan. Horiek Aldudeko ibarretik, EHZ taldetik edo Basaizea elkarteetik etortzen dira; baita Hego Euskal Herritik ere.

11.00etatik goiti euskal giroa hedatuko da herrian. Gaiteroak, ziganteak, Zabaleta anaiak eta kantaldiek karrikako giroa berotuko dute. Gainera, 11.00etan Korrika txikia iraganen da eta bertan Banka, Urepele edo Aldudeko 60 bat haurrek parte hartuko dute.

Musika eta bertsoak

Egunean zehar, besteak beste, "Ipotx" ikusgarria edo Oreka zirkoaren tailerretan parte hartzeko parada izanen dute. 12.00etan herri bazkaria antolatu dute. Eguerdia, Nat eta Watson-ek eta ibarreko bertsolariek alaituko dute.

16.00etatik goiti Ibarreko abeslariak aho batez kantaldian parte hartuko dute; haien artean Aire Ahizpak. Ondotik, Urepeleko Korrika Batzordeak hitza hartuko du AEKrekin batera. 17.00etan abiatuko da aurtengo euskararen defentsarako lasterketa ezagunena.

Elkarte, alderdi, pertsona edo taldeek lekukoa esku artean atxikiko dute. Irribarre batekin, iragandako kilometroez gain, lekuko hori altxatuko da lau haizetara. Bukaeraraino ezezaguna izanen den mezuak Bilbon ikusiko du argia. Baina bitartean, 20.000 kilometrotik gora zeharkatuko ditu, euskararen defentsan, eta ahalmenak euri eta eguzki izpi artean salto eginen du.