Kazeta

Intza Oxandabaratzen auzia apirilaren 16ra gibelatua

Urtarrilaren 21an prokuradoreak sei urteko zigorra eskatu zuen Intza Oxandabaratzentzat. Martxoaren 18an iragan behar zuen auzia, baina azkenean apirilaren 16ra gibelatzea erabaki dute. Gaur, 19.00etan elgarretaratzea eginen da Donibane Garaziko herriko etxean.

 Intza Oxanbaratzen deliberioa martxoaren 18an jakinen da. Argazkia Bob EDME.
Intza Oxanbaratzen deliberioa martxoaren 18an jakinen da. Argazkia Bob EDME.

Intza Oxandabaratz "ETAko kide izateagatik" epaitua izan zen urtarrilaren 21ean. Orduan, prokuradoreak lau urteko zigorra eskatu zuen eta bi urteko balioztapen zigorraren aplikazioa. Gaur, martxoaren 18an iragan behar zuen epaiketa baina azkenean justiziak apirilaren 16ra gibelatzea erabaki du.

Intza Oxandabaratz 2011. urtean atxilotua izan zen bere lagunarekin, Julen Mujika. Justizia frantsesak leporatzen dio bere ADNa atxemana izana lehergailuentzako material batean. Garaian frogak deseginak izan ziren eta horren kontrako balioztapena egitea ezinezkoa izan zen.

ADN frogan oinarritzeaz gain, Oxandabaratzen abokatuaren iritziz, Maritxu Paulus-Basurco, kondenaren oinarria duela urte batzuk "ETAren taldea laguntzeagatik" bi urteko gibelapenezko zigorra litzateke.

Hiru posibilitateen aitzinean

2014. urtean, Intza Oxandabaratzi kartzela zigor berri bat agintzen zioten mementotik, zigorraren gibelapena deuseztatzen zen. Haatik, legearen aldaketa baten ondorioz, egun bi urteko kondena sendoa konfirmatzen bada, Auzitegiaren esku gelditzen da gibelapenezko zigorraren aplikatzea. Hau da, Maritxu Paulus-Basurcok esplikatu duen bezala, Auzitegiak berak bi urteko gibelapenezko zigorra plantan ezartzen edo deuseztatzen ahalko du.

Beraz, Baxe Nafarroko auzoak hiru posibilitate izanen ditu. Alde batetik, absolbitua izatea kargurik gabe. Bestalde, bi urteko kondena jasotzea. Azkenik, lau urteko zigorra: bi urteko kondena eta beste bi urte Auzitegi nazionalak gibelapenezko zigorra plantan jartzen badu.

Aldeko sustengua

Gogoratu behar da 217 hautetsiek Libre Baxe Nafarroa sustengu komiteak prestatutako mozioa izenpetu zutela urtarrila hasieran. Halaber, Sylviane Alaux, Jean Lassalle, François Maitia, Alice Leiciagueçahar eta Beñat Arrabit-ek gutun bat zuzendu zioten Oxandabaratzi.

Horretaz gain, komiteak antolaturik, urtarrilaren 17an 1.600 pertsona elkartu zirela Donibane Garazin auzi politikoen bukaera exijitzeko.