@Nagore Belastegi

Etxerat Bruselan da sakabanaketaren bukaera exijitzeko

Martxoaren 2an Etxerateko ordezkaritza bat Europako Parlamentura bidaiatu du. Gaur eta bihar, talde politikoetako ordezkari anitzekin bilduko da, presoen senideek pairatzen dituzten giza eskubideen urraketen berri emateko. Coviteren gutuna jaso dutela eta prest daudela haiekin ere bilera bat egiteko adierazi dute.

 

Etxerateko ordezkaritza, Loiuko aireportuan hegazkina hartu aurretik. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)
Etxerateko ordezkaritza, Loiuko aireportuan hegazkina hartu aurretik. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)

Etxerateko hamar kide Bruselara abiatu dira martxoaren 2an Europako Parlamentuko talde politikoetako hainbat ordezkarirekin bilerak egiteko. «Gure ahotsa entzutea nahi dugu», azpimarratu du Maider Alustiza bozeramaileak Loiuko aireportuan. «Senideok bizi dugun errealitatea mahai gainean jarriko dugu, egin daitezken ekimen guztiak egiteko eskatzera».

Badituzte hitzordu asko eta oso anitzak lotuta baina ezin dute horien berri eman mementuz «presioak egon litezkeelako». «Zoritxarrez oraindik senideen kontrako jazarpena dago», adierazi du Alustizak.

Eskubideen urraketak salatzeko

Bruselan «25 urte luzez» senideek eta presoek jasan dituzten giza eskubideen urraketak salatuko dituzte. «Dispertsioa da gure lehentasuna eta horrekin behingoz amaitu behar dela eskatzera goaz». Izan ere, uste dute egoera horrekin bukatzeko ardura euskal gizartearena eta politikari guztiena dela, baita Europarena ere.

Bestalde, komentatu dute pasa den astean Covitek publiko egin zuen gutuna ukan berri dutela. «Esan nahi diegu gu prest gaudela edonorekin hitz egiteko. Prest gaude mahai baten inguruan guztien sufrimenduaz hitz egiteko», baieztatu du Alustizak.