Iurre BIDEGAIN
Entrevista
Intza OXANDABARATZ
Auziperatua

"Borroka armatua bukatua denean, arriskutsua bilakatu niz?"

Intza Oxandabaratzen auzia urtarrilaren 21ean iraganen da. Bere bikotea, Julen Mujika abenduaren 11n aske gelditu ondoren, hilabete bat izan dute familiaren eredua ezagutu eta bizitzeko. Heldu den larunbatean, Intza Oxandabaratz, Aurore Martin eta beste epaituen aldeko manifestazioa eginen da Donibane Garazin.

Intza Oxandabaratz eta Julen Mujika. Argazkia Bob EDME.
Intza Oxandabaratz eta Julen Mujika. Argazkia Bob EDME.

Nola prestatzen ari zizte urtarrilaren 21ean hasten den epaiketaren defentsa?

Lehen epaiketan ez genuen espero zigor hain gogorra harrapatuko nuenik eta horregatik egiten dugu apela, ez dudalako onartzen agindu nahi didaten zigorra. Borroka bat behar da horren inguruan. Epaiketara joatea beti gogorra da eta nik injustizia handi bat sentitu nuen, mendeku bat bezala. Beraz entseatuko gira ahal dugun heinean errugabetasuna defendatzen. Gaizki itzultzen bada hau, azkenean urte batzu dira, baina badakit oso gogorra izanen dela neretzat Ekainekin [semearekin] dudan loturagatik. Ahal bezain positiboa bizi beharko dugu, bestela gogorragoa izanen da denbora hori.

Urte hauetan zehar espetxearen mehatxuaren menpe bizi zira…

Justuki hori da gogorra. Gogorra dena da Julenek bere zigorra bete duela eta orain kanpo denean nerea etorriko dela. Ni hiru urteetan justiziaregandik aske gelditu naiz, baina ez da gozatzen ahal duzun askatasun bat. Guk dugun inpresioa da doblatzen digutela zigorra. Julenek lau urte hartu ditu eta neri lau urte sartu nahi dizkidate ere bai. Dena bukatua izaten ahal zenean.

Nola prestatzen zira jakinez espetxearen agindu hori gauzatzen ahal dela?

Zaila da prestatzea, ondorioak badazkitelako. Ezin zira barrura joaiteko prestatzen ahal. Saiatzen zira ahal bezain sereno joaitea eta ikusiko da. Prestatzen ari gira auzi hau bai juridikoki, baina baita pertsonalki ere. Herria ere mobilizatu da, herritarrek ez dutelako epaiketa hau onartzen.

Mobilizaziaoaren karira, 2011an hautetsiek sustengua erakutsi zuten eta orain 217 hautetsiek sustengu komiteak prestatu duen mozioa izenpetu dute. Nola sentitzen zira elkartasun hori errezebitzean?

Herriak sustengatzen gaitu, alde batetik ezagutzen gaituelako baina baita Euskal Herrian orri bat itzuli delako ere. Beste egoera politiko batean bizi gira. Jendeak, ez bakarrik ezker abertzaleak baizik eta gizarteak orokorrean beste zerbait nahi du. Orain hautetsiek ere. Izan daitezen, ezker, eskuin edo abertzaleak epaiketa huntan posizionatu dira ni preso ez sartzearen alde. Erran nahi du jendeak orria itzuli duela. 2009ko historia bat da, eta zer orain arriskutsua bilakatu niz? Borroka armatua gelditu denean, orain arriskutsua? Nere ustez gizarteak ez ditu gauza horiek onartzen eta sustengua automatikoa bilakatzen da.

Julenen askatasunarekin, nola izan da hiruak elgarrekin familia ereduan elkartzea?

I.O: Naturala izan da. Ekainek biziki ongi hartu du.
Julen Mujika: Ni harritua niz Ekainen jarrerarekin. Ez nuen espero holako positibotasuna Ekainen aldetik. Bere harrera onak, harreman naturala izatea eragin du. Azken finean, berak bere tokia du eta argazkitan zegoen pertsona batek bere espazioa hartu dio. Azkenean arriskua zegoen kanpotiar bat bezala hartzea eta justuki kontrakoa izan da. Aterrizajean Ekainek paper handia jokatu du.

Saiatzen zizte espetxea eta auziaren gaia ez aipatzea Ekainen aitzinean?

I.O: Nerea saiatzen gira ez aipatzea lehenago. Saiatuko gira lehen astean edo horrela aipatzen.
J.M: Guk ez daukagu inongo beldurrik. Harro gaude, gure bideaz eta gure semeari ez diogu ezer izkutatu nahi. Azkenean umeak bi urte eta erdi ditu, denbora ez du kontrolatzen orduan kondatzea, hilbete bat lehenago beldurra sortzea da. Epaiketa etorriko denean, prest gaude semeari aurre egiteko. Semeak badaki zer den espetxea, bere osaba espetxean dago ere. Ez gabiltza izkutuan berarekin.
I.O: Orain familiarekin gozatu nahi dugu. Gero iritsiko denean epe laburrean esplikatuko diogu.

Zuen semearentzat zer da espetxea?

I.O: Hasieran irringarria zen, zeren bera konturatzen zen espetxean ateak ez genituela guk irekitzen; gauzak ez zirela normalak. Baina azken finean bere aita han ezagutu du eta bisitak beti ongi pasatu dira. Ttipia da. Bereizketarena nerekin zaila izanen da, baina bere aitarekin hola bizi izan duenez, ez da hain zaila izan.

Nolabait, familian orain arte izan duzuen errola aldatzeko mehatxua duzue.

J.M: Orain arte amak izan duen papera orain nik hartu beharko dut; eta berak nerea.
I.O: Teorian erreza da, baina praktikan gogorra izaten ahal da orain datorren etapa. Berak orain arte horrela bizi du, berearentzat naturala zen. Baina orain kentzen diozu zerbait berea zena; aita etortzea zerbait positiboa izan da. Ez dakigu sobera nola izanen den. Nere ustez afektabititatea sentintzen badu inguruan, ongi pasatuko da.
J.M: Azkenean ez gira lehenak hortik pasatzen girenak. Familiaren babesa ere badugu. Gogorra izanen da, baina uste dut poliki poliki aurrera aterako garela. Beste kideak pastel handiagoak dituzte eta atera dira.

Semeaz urruntzeaz gain, bikotean ere berdina suposatzen ahal du. Nola bizitzen duzue alde hori?

I.O: Teorian guk asumitzen dugu, baina haurrerantzat ezin diozu exijitzen ahal asumitzea. Orduan behar bada gaizkiago biziko genuke ez bagenu bera, baina orain naturalki gertatu den bezala bera da gure lehentasuna. Berak ez du deus galdegin istorio huntan.

Buruan duzu auzia baino lehenago gelditzen den denbora?

I.O: Atzean dagoen denbora fite pasatzen da, baina aurrean dena beldur gehiago emaiten du.
J.M: Nik uste dut ezin dela kalkulatu. Etorriko dena etorriko da eta egingo gera. Lehen hilabeteak oso gogorrak izanen dira Intzarentzat, baina espetxeko errutina hartzean eta Ekainekin harremana izatean, nere ustez denbora azkarrago pasatzen hasiko dela. Esaten duguna, badira kide hanitz hogei urteko kondenekin eta gu ez gaude kasu horretan. Beraz, denbora kalkulatzea gure kasuan ez du ezertarako balio. Egunerokotasunari eta etorriko denari aurre egin behar da.

Falta den denboraz gain, auzia bera buruan duzu?

I.O: Noski data hurbiltzen delako. Baina saiatzen gira bizi behar duguna bizitzen eta gero etorriko dena ikusiko dugu. Zaila da gutxi falta delako. Ezin duzu ukatu hor dagoela, baina saiatzen zira bizitzen hor egon ez balitz bezala; nahiz eta zaila den. Baina gozatzen ari gira denbora hau. Ezin gira gero damutu denbora hau ez gozatzeaz. Familiaren erreferentzia eman nahi diogu Ekaini.