Iurre BIDEGAIN

Gazte laborariak, hautuz

2014 urtean laborari berrien instalazio kopurua mantendu da gazteei zuzendutako dotaziorako laguntzari esker. Departamenduko Laborantza Orientazioaren komisioak zehaztu duenez, orotarat zortzi etxalde berri sortu dira Ipar Euskal Herrian, familia etxaldeetatik kanpo. Elorri Falxa gazte ainhiztarrak, aldiz, aitaren segida hartu du, baina beretzat ere hausnartu beharreko urratsa izan da. "Entsegu bat" egiteko helburuarekin, erakasle lana utzi ondotik bere aitaren segida hartzea erabaki du, besteak beste, bere printzipioekin bat egiten duen lana ikasi nahi zuelako.

Elorri Falxa ainhiztarra, irailetik kudeatzen duen etxaldean. Argazkia Sylvain SENCRISTO.
Elorri Falxa ainhiztarra, irailetik kudeatzen duen etxaldean. Argazkia Sylvain SENCRISTO.

Departamenduko Laborantza Orientazioaren komisioak 2014. urtean orotarat 130 instalazio berri egin direla iragarri du laborari gazteen dotazioren dispositiboan. Hain zuzen ere, laborantzaren munduan sartu diren %75ak 40 urte baino gutiago dituzte eta horiek laguntza jaso dute. Urtean zehar anitz izan dira Instalazioaren informazio gunerat hurbildu direnak beren proiektuei buruzko hausnarketak plazaratzeko.

Proiektu berriak dituzten pertsonek 29 urte dituzte batazbestean eta horien artean %28a emazteak dira; kopuru apalagoa joan den urteari konparatuz. Halaber, instalatu berri diren laborarien formakuntza maila igo da, laurdenak Baxoaz gain diploma bat duelako.
Ipar Euskal Herriko eta Biarnoko instalazio kopurua orekatua izan da eta laborarien %70a mendiko zonaldeetan edo eremu behartsuetan agertu dira. Kopuru horren gehiengoa abere hazkuntzara zuzendutako etxaldeak dira eta esnedun ardikunde adarra nagusi da hauen artean.


Ideiekin bat egitea

Instalatu berri diren laborarien artean Elorri Falxa 25 urteko ainhiztarra aurkitzen da. Bere aitak erretreta hartu duenez, irailaren 1etik erakasle lana utzi eta etxaldearen segida hartzea erabaki du. "Entsegu bat" egiteko, urte batez lanbidean murgiltzeko hautua egin du, batez ere bere xedea etxeko laborantza ez galtzea zelako. "Beldur nuen dolutzea, hamar urteren buruan 'zozoa izan niz banuen etxalde bat eta ez dut hartu' pentsatzea. Hala ere uste dut ez banu ukan etxalderik ez nintzatekeela hasiko", zehaztu du Elorri Falxak.

Segidaren arriskuaz gain, gazteak azpimarratu du erabakialaborantzak bere ideiekin bat egiten duelako hartu duela. "Bizi molde hau nire printzioekin lotua da: sortzen dugunaz bizitzea, lekuko produktuak produzitzea eta noski barnekaldea biziaraztea", esplikatu du laborariak.

Nahiz eta aitortzen duen hasiera zaila izan dela "deus ezagutzen ez" zuelako eta "dena ikastekoa" zuelako, hilabete batzu beranduago "lan goxoa" dela argi du. Bere inguruan iruditzen zaio "gazte andana bat motibatzen dela instalatzeko". "Ez dakit ea geroz eta gehiago diren, segur da ez direla gehiago zeren etxalde anitz desagertzen dira, baina bada motibatua den jendea", dio.

Saiakeraren esperientzia huntan, hilabeteak pasa eta, bere aitaren laguntzari esker lanbidearen trikimailuak ikasten joaiten da. "Abiatu niz urte baterakoegiten nuelapentsatuz eta urte hori pasata erabakia hartuko nuela; baina ari niz erabakia hartzen. Hor adibidez jezten hasia niz, mementoko untsa baina ez dakit sei hilabeteren buruan zer erranen dudan. Hala ere, nik pentsatzen dut segituko dudala", zihurtatu du Elorri Falxak.