Kazeta

Mintzalasai: ekimen andana hirigunean euskara hauspotzeko

Biarritz, Angelu eta Baionako hirigunean euskararen erabilera sustatzeko Mintzalasai ekimena irailaren 23tik 29ra eginen da. Antolatzaileen erranetan, eremu urbanizatuan euskaldunak uste baino gehiago dira eta euskara erabiltzeko nahiz mobilizatzeko deia luzatu dute Biarritzeko presentazioan.

Elkarteetako ordezkariek Biarritzeko Atabal gelan presentatu zuten Mintzalasai. @ Guillaume FAUVEAU
Elkarteetako ordezkariek Biarritzeko Atabal gelan presentatu zuten Mintzalasai. @ Guillaume FAUVEAU

Mintzalasai ekimenak xede bat du hastapenetik, “euskararen erabilera sustatzea eta Biarritz-Angelu-Baiona (BAB) eremuan euskara geroz eta presenteago izateko ekimenak proposatzea”. Gisa horretan kokatu zuen Viviane Ithursarrik irailaren 23tik 29ra iraganen den zortzigarren edizioa.

Urtez urte bere hedapena, ekimen kopurua eta eragile nahiz herritarren parte hartzea emendatzen ari da eta aurten 30 elkarte eta 90 boluntario engaiatu dira antolatuko dituzten 45 ekimenak aitzinera eramateko.

Mintzalasaik lehen urratsak Biarritzen egin bazituen ere, badira hiru urte BAB eremu osora hedatu zela. Ithursarrik azpimarratu zuenez, eremu horretan bizi baita Ipar Euskal Herriko biztanleen %40a. “Euskara hor salbatzen badugu, gainerako eskualdeetan euskara garatzea errazagoa izanen da”, ohartarazi zuen euskaltzaleak.

Datu baikorren artean, eremu horretan egun 15.800 hiztun daudela azpimarratu zuten Biarritzeko Atabalen egindako aurkezpenean. 550 heldu euskalduntzeko bidean dira, 2.450 haur eta gaztek eskolan euskaraz ikasten duten bitartean. Datu itxaropentsuak dira euskararen ezagutza %8koa den eskualdean. Hori dela eta hautatu dute “Uste baino gehiago girelako!” aurtengo leloa.

Instituzio guzien babesarekin

Antolatzaileek euskararen inguruan engaiaturik diren elkarteen lana nabarmendu dute. Haiekin elkarlanean baliabide berriak sortzen joan dira euskarari ikusgarritasuna emateko eta erabilera sustatzeko, hala nola: elkarteentzako fitxa pedagogikoak, aurtengo udan estreinatu den bestetarako kita, hiztegi laburra... Mintzalasai, finean, urte osoan egiten den lanaren erakusleihoa da.

Bestalde, lehen aldia izanen da Mintzalasaik Ipar Euskal Herriko instituzio guzien babesa jasoko duena. Biarritz, Angelu eta Baionako Herriko Etxeek ez ezik, Euskal Elkargoak eta Euskararen Erakunde Publikoak ere diruztatu dute astebete iraunen duen ekimena.

Gogoeta, erabilera, plazera, bateratzea, ahalduntzea, besta... Aste osoan zehar adin guzietako jendeentzat molde ezberdineko ekimenak biltzen dituen egitaraua proposatu dute. Egun handia irailaren 29an izanen da, Biarritzeko Marion aintziran eginen den egun osoko bestarekin.