Hartzea Lopez Arana

G7 : desobedientzia aktiboa

G7 gailurraren kontrako militantea da Hartzea Lopez Arana. Desobedentzia nola egin hausnartu du iritzi artikulu honetan.

Hartzea Lopez Arana argazkitan.
Hartzea Lopez Arana argazkitan.

Martxan jarri jukutria handiena kontrakoen gaiak berreskuratzea da. Biarritzen, esaterako, bilkurari foru altermundialistaren airea eman nahi diote, sortzen dituzten arazoak beraiek konpontzeko gai direla argudiatuz. Maniobra horren bidez, G7a beharrezkoa eta altruista dela sinestarazi nahi digute, nahiz porrot diplomatikoa izan eta, gehienetan, horrelakoetan hartu engaiamenduak betetzen ez dituztela. Horrekin batera, gobernuak “interes bateratze”aren izenean kontra-gailur baten “erraztea” du xede, onargarrientzat dituen kontrako sektoreak kanalizatu nahian. Etengabe errepikatzen digute: demokrazian denek dugu hitz egiteko eskubidea eta gailur arrakastatsua, kontra-gailur arrakastatsua da.

Eragin anitzeko beste propaganda kanpaina beldur giroa hedatzea da, black-bloc eta bestelako anti-sistemen etorrera masiboa iragarriz. Gure kasuan, azken hauetarik oraindik ez dugu bihirik ikusi, baina birtualki euskal kostalde osoa txikitu dute jada! G7ak defendatzen duen sistemaren basakeria ezkutatzeko burutzen da kanpaina hau (manifestarien bortizkeriaren tamainarekin parekaezina), baita lurraldea militarizatzeko, salbuespeneko neurriak hartzeko (“jende arraroen” salatzeko eskatuz) kontrakoak zatitzeko ere, ez-bortitzei “babesa” eta guzti eskainiz. 

Erreakzio esanguratsuak.

“Tsunami” honen aurrean, bertako hautetsi batzuen jokamoldea aski harrigarria da. Gaurko egunean, nahiz Biarritzeko G7aren biktima bakarra gomazko pilota batek zauritu neska gaztea izan, ez dute deus erraten azken hilabete hauetan exekutiboak edozein motako manifestarien aurka erabili jokabide gogorrez. Hitz bakarra ere ez Macron, Trump edo eskuin muturreko gobernu italiarraren politika mingarriez, ez eta gailur honen gertatze inposatuari buruz, inongo adospenik gabe erabakia. Guztiak onartzeaz gain, gure ordezkari politikoek ondorio baikorren diskurtso engainatzailea bere egin dute, gertatzen ahal diren arazo bakarrak “elementu erradikalei” leporatuz. Gure erabakitzaileak gailur honekin oso pozik ez daudela entzuten dugu han-hemenka baina ahapeka; publikoan berriz, Estatuaren eta ekonomia liberalaren defentsan murgildu dira. Esku-hartze errepresiboei kaleak libre uzteko, inguruko hiriak paralizatzeko neurriak hartzen hasiak dira. 

Hemen gaude eta han izanen gara G7aren kontrako sareetan, inurritegia dirudi. Hilabetea falta da eta indar metaketa espero dugu.

Ekimen eraginkorra antolatzeko aukera badago, elementu ezagunak ikusita: gailurrarekiko okaztatze handia, Frantziako mugimendu herrikoiak, kokapen eta data konplikatuak, lekuko indarra, etab. Beraz, zertan ari gara? 
Kontra gailurretan, aldarrikapen eta ekintza moldeen aniztasuna ohikoak dira. Horren inguruan dramarik egiteak ez du merezi. Pazifismo sinbolikotik matxinada irmora, kolore guztiak ageriko dira. Korronte bakoitzaren zilegitasun edo dogmatismoari buruzko eztabaiden gainetik, galdera egokia honakoa da hain segur: nola egin elkarrekin G7a trabatzeko, modu normalizatuan iragaten ez uzteko, dinamika desberdinei kolaborazio espazioak eskainiz? Erantzuna: erdiko bidea deitu esparruari oinarri amankomuna emanez. Hori da nonahi garatzen ari den jarduera, eta Euskal Herrian barreiatu kolektibo askok itxaroten dutena.

 Desobedientzia hozka batez igo.

Nola? Dauden eta emankorrak agiri diren ekimenetan inspiratuz: atxiloketen kontrako herri harresiak, justizia klimatikoaren aldeko blokeoak (Ende Gelände Alemanian, Extinction Rebellion, 2016an Pauen iragan petrolioaren gailurra), ZADen okupazioak, Bizitza da Handiena, Errekaleor, jaka horiak errotondetan, Kataluniako errepublikaren defentsa komiteak, Sea Watch III, Hong Kongeko aterkiak, Itoitzeko Solidarioak... Milaka bagara Miarritze inguratzen, eserita, etzanda, gure gorputzak uniformeen aurrean plantatuz, gailurrak ordezkatzen dituen leku esanguratsu eta estrategikoetan, nork irabaziko du partida? G7 EZ plataformako taldeei doakie bataila honetan sartzea, baita plataforman ez diren beste taldeei ere, bateragarritasunean.


G7a eta haren jarraitzaileei beren mundua ukatzen dugula erakusteaz gain, jende guztiari blokeatzeko motiboak badirela erakutsiko diegu, beste motako jendartea eraikitzea helburu. 
Gure esperientzia eta baliabide guztiekin, festa giroan, elkartasunean, elkar zaintzan. 
Gertatzen bada ere, gailurra porrota izango da, borroken hurbilketa gauzatuko da eta Euskal Herriko militantziek aurrekaria izango dugu, datozen urteetarako.