Kazeta

Hats-Arte: olerkiak eta argazkiak bat eginik Senperen

Agorrilaren 3tik 17ra Hatsa elkarteak euskarazko olerkiak eta irudien artea uztartuko ditu Senpereko Larraldea etxean.

Hats-Arte erakusketa Larraldean erakutsiko da, "euskal kulturaren aterpean". © Larraldea
Hats-Arte erakusketa Larraldean erakutsiko da, "euskal kulturaren aterpean". © Larraldea

Senpereko Hatsa elkarteak urtean zehar bere kideen eta lagun sarearen ehunetik goiti olerki eta idazki bildu ditu. Hirugarren urtez, horiek guziak koadro banatan erakutsiak izanen dira agorrilaren 3tik 17ra Senpereko Amotze auzoan kokaturik den Larraldea etxean.

Testuei loturik, Auxtin Zamoraren argazki artistikoak ere izanen dira, “lurrean etzanda”, antolatzaileek erran duten gisan. “Lurraren arrasean diren gauza maitagarrien gainean, maiz ez ohartuki pasatzen gira, alta, hor dira... bere azalean, zerutik erori guziak, euri, hosto, izar puskak... gu... gizakiak (...)” dio Zamorak berak Hats-Arterentzat prestatu duen azalpenaren pasarte batean.

Gisa horretan, erakusketan parte hartuko dutenek uste dute haien idatzi eta argazkiek lur gainean ezarrita beren lurreko sustraiekin bat eginen dutela. Hats-Arte erakusketa ikusteko, Larraldeak arratsaldeko 16:00etatik 20:00etara idekiko ditu bere ateak.