Kazeta

Pagolako pastoralak Euskal Herriarekiko errespetua aldarrikatu du

"Domingo Garat" pastoralaren lehen emanaldia uztailaren 28an eskaini zuten Pagolan. Ehundik goiti herritarrek parte hartu duten ikusgarri herrikoian, historia eta gaurkotasuna uztartu zituzten Euskal Herriaren askatasunaren eta euskararen aldeko mezuak nagusituz. Heldu den uztailaren 4an bigarrenez ikusi ahalko da pastorala. 

Pagolako pentzean prestaturiko harmailak jendez lepo bete ziren uztailaren 28an. (NAIZ)
Pagolako pentzean prestaturiko harmailak jendez lepo bete ziren uztailaren 28an. (NAIZ)

Domingo Garat abokatua, diputatua eta Uztaritzeko auzapeza izan zen besteak beste, baita presoa, iheslaria eta borrokalaria ere. Bere arizanak bezainbeste, eta gehiago ere dira uztailaren 24an ikusi ahal izan zen pastoralean zehar jorratu ziren gaiak. Ohi ez bezala, Frantxoa Casetek idatzi eta Fabien Lechardoyk zuzenduriko pastoralean jaikialdi bakoitzak gai ezberdin bati ireki zion atea, eta horren bitartez historiaren parte bat ere, anitzetan aldarrikapen bati lotua.

Euskal Herriaren errespetuaren eskaera izan zen nagusi, behin baino gehiagotan aldarrikatua, eta usu Estatu frantses eta espainolak nola ukatu duten oroitua, Idoia Erasok NAIZ-eko artikuluak jasotzen duenez. Baina ez da urrundik ere bakarra izan, feminismoa, esklabutza eta giza eskubideak, euskararen eta beste hizkuntzen errespetua, mugaren zioak euskal lurraldeetan… Eskerrak emateko momentuan laburbildu zuten bezala "balore moral unibertsalak zabaldu nahi izan ditugu: errespetua, engaiamendua, desberdintasunaren ezagutza, emazteen tokia eta tolerantzia". Ez da gutxi hiru oren eta erdiko antzezlanean sartzeko.

XVII eta XIX. mendeen artean Domingo Garatek izandako eta galdutako borroken segida gaur egunera arte nola eman den erakusten du pastoralak, baina aldi berean gure euskaltasunean sinistu eta borrokatzen segitzera gonbidatzen du "saldoan" Pagolara hurbildu den ikuslegoa.

Haurrak, etorkizunaren irudikapen gisara agertu ziren behin baino gehiagotan. "Egün batez jinen da, heben ere bakea / Eüskalduünen artean, algarretaratzea / Ordüan müga hori, oso idekia / Gure haurrentzat date, bat Eüskal Herria" kantatu zuten elkarrekin eszena gainera ekarri zituzten ardien inguruan, artzainen alegia egiten zuten arizaleek. Haurrei beraiei ere eman zitzaien hitza, "Gü Eüskaldun sortü gira, hola date bizia" kantatuz obraren bukaeran. 

Frantziako Iraultza

Frantziako Iraultzaren irakurketa oso kritikoa egin zuten pastoralean, horren ondorioz euskal lurraldeek haien eskubideak galdu zituztela salatzeko behin baino gehiagotan. Abertzaletasunaren ikuspegitik harago ere joan da Caset, emakumeek iraultzaren baitan izan zuten garrantziaren ondoren ukatu zaizkien eskubideak ere kantarazi baitie emakume arizaleei: "Noiz date gure aldia, bozkatzeko deretxoa? (…) Orai aski dügü, bürüa apaldü (…) Nahi libertatea!".

Iraultzaren ondotik egin zen lurraldearen banaketa instituzionala ere agerrarazi du idazleak, euskal lurraldeak Biarnokoei nola lotu zitzaizkien salatuz, bakoitzaren berezitasunak kontuan hartu gabe, eta gaur egun ere Ipar Euskal Herria Pirinio-Atlantikoen departamentuan atxikitzen duena. Zentzu horretan Parisetik egin zen banaketan, gogoan izan ditu beste populuak ere: "Okzitandar’ta Bretaindar, Korsikar eta Eüskaldun / Parisetik nahi güntüke, oro ber zaküan sartü / Bakotxaren ondarea, behin betikoz ükatü".

Estatu espainiar eta frantsesen gerlaren ondoren, Sara eta Uztaritzetik Landetara 4.000 biztanle erbesteratu eta horietatik 1.000 nola hil ziren ere kontatzen du pastoralak, eta tarte horretan ere urrunago begiratu du idazleak: "Popülü herri gabea, Palestindarrak üdüri (…) Kürdoen gisara girade, beti besteek manatüa (…) ezeztatüz gure lürra".

Giza eskubideen alde egin zuen lana aditzera emanez hasten dira Domingo Garaten borrokak: "jente beltzak esklabotzat, dütüe üsü erabilten». Horrekin batera botere politiko eta eklesiasikoek izan zuten onespena ere agerian ezarriz: «Frantziako erregeak, tratü hori dü baieztatzen / Apezek ere elizatik, ber gisan düe onartzen»

Pagolarrak

Pastorala egiteko, 280 inguru biztanleko herrian, denen beharra izan da. Dantzaririk ez zuten Pagolan, eta duela hiru urte hasita satanen dantzak ederrak egin dituzten herriko gazteek.

Dantzarien lorpena ongi aldarrikatua izan da, baina kantariena ere ez da txikia izan, ahots ederrak atera baitziren eszena gainera. Domingo eta bere anai Joseperen papera egin zuten Thierry Inchastoichipy eta Dominique Urrutyren doinuek eszena betetzen zuten aldiro. Maritxu Behetiren ahotsak eta manerek ikuslegoa berotu, eta irriarazi egin zuten. Indar handiko papera zuen berak Aisha esklabuarena, Domingo Garatekin batera esklabuen askatasunaren alde borrokatu zen emaztea.

Herri guztia ikus zitekeen lanean, anitz ezin ziren eskas izan, horrelako antzezlana antolatzeak dakarren lana kontuan izanik. Taula gainean, eta gibelean baziren batzuk, baina autoak aparkaleku bilakatu larretara gidatzen, barra atzean jan eta edatekoak saltzen, pastorala denboran ura proposatzen zuten gaztetxoak… 1982. urtean egin zuten azkena, “Pette Basabürü” egin zutenetik bada denbora pixka bat pasata, baina horrelako herri ttipi batendako ulertzekoa da.

Laborariek ere bere ekarpen berezia egin dute aurten, Pagolara bidean, Oskaxeko lepoan gora mendian hizki erraldoiekin ikus baitaiteke “D. Garat pastorala” lauburu erraldoi batez lagundua. Irudikatu nahi zen irudian belarra moztuz egindako publizitatea edota gomita, herriak lan horretan jarri duen lanaren erakusgarri har daiteke.

Pagolarrak eta xiberotarrak, haien lurraldeari kantatuz bukatu nahi izan zuten obra: “Herri bat: Xüberoa”. Euskararen aldeko mezua horretan atzeman ahal izan da, Casetek berak bere hitzetan behin baino gehiagotan egin duen bezala: "Hura izanen baita, gure Xüberoa / Xüberotarra date, Herriko hizkuntza". Eta noski ezohiko lanera xiberotarrak mugitzen dituen tradiziora: "Herri ororek, maite pastorala".