Kazeta

Biarritz 2.0 herri hauteskundeetan lekua hartuz

Azken urteetako lanari jarraituz, Biarritza 2.0 elkarteak herri hauteskundeen eztabaidan murgildu nahi du. Hogeita hamar bat lagunez osaturiko 30 urteko pertsona talde batek funtsezko gaiak aipatuz iritzi artikulu bat idatzi du.

2020ko hauteskundeei begira, Biarritz 2.0 elkarteak gai ezberdinak eztabaidatu nahi ditu hautetsiekin. © Isabelle Miquelestorena
2020ko hauteskundeei begira, Biarritz 2.0 elkarteak gai ezberdinak eztabaidatu nahi ditu hautetsiekin. © Isabelle Miquelestorena

“Belaunaldi ikuspegi bat” eta “bereizketa politikotik harago, desmartxa herritar bat”. Hala azaldu du Philippe Nalpas Biarritz 2.0 taldeko kideak kostaldeko hirian ondoko herri hauteskundeei begira garatzen ari diren dinamika.

Nalpas Max Brissonen ordezkoa da (Les Republicains) Pirinio Atlantikoetako departamenduan. Jakina da bere kidea den François-Xavier Menou Vincent Brurekin (Modem) aurkeztu zela hauteskunde legegileetan. Hala ere, Philippe Nalpasek adierazi du taldearen gehiengoa etiketarik eta alderdi politikoetan engaiatu gabeko pertsonek osatzen dutela. “Bizi munizipalean inplikatu nahi duten pertsonak bildu eta hainbat gai eztabaidaren erdian jarri nahi ditugu”.

2020ko hauteskundeetarako hirian idekitzen ari diren eztabaidetan elkarte biarriztarrak zer errana duela uste dute haien sustatzaileek. Egun Herriko Etxean dagoen kohesio ezarekin nahigabeturik eta hautagaitza ainitz izanen direla ikusirik, Biarritz 2.0 taldeak hiriaren eta herritarren etorkizunerako funtsezkotzat jotzen dituzten hiru gai nagusi planteatu zituen.

Gaien zerrenda ez osoa

Talde honetako kideentzat auzi nagusia Biarritzeko identitateari lotua da: “Biarritz milurteko kulturaren hiriak”, “kirol eta kultur hiriak” eta “ozeanoaren hiriak” herritarren artean bertakoa sentitzeko sentimendu azkar bat sortzen duteneko ustearekin, horri fermuki eutsi nahi diote. Bigarrenez, ingurumena jarri dute erdigunean. Biarritz 2.0k “determinazioz” turismo jasangarrirantz jo nahi du, energiaren kontsumoan, tokiko produktuak balioan jartzean edo elikagaien zirkuitu laburretan aitzindari izateko xedez.

Azkenik, itsas-hiriaren gobernantzaz ere mintzatu da elkartea. Usu “aitzineko mendeko karikaturetan ainguratua” dagoela uste du. Erabakiak modu kolegiatuan hartzea, proiektuen gardentasuna eta horiek aitzinera eramateko tokiko aktoreekiko elkarlana garatzeari garrantzia eman diote, interes orokorra eta ikuspegi bateratuaren beharra mahai gaineratuz.

Phillipe Nalpasen hitzetan, gaien zerrenda hau ez da guztiz osaturik. “Hiru ardatz hauek berretsi nahi ditugu lehenik, baina gure asmoa da beste gai batzuk ere garatzea”.