Anaiz Aguirre Olhagaray

Euskal Pass: bisitarientzat eskaintza berria martxan

“Asteburua” eta “egonaldia” txartelen bidez, pase berriak 17 eta 27 euro artean Ipar Euskal Herriko berrogei bat gunetara sartzeko eta bisita gidatuetarako aukera emanen du. Turismo Bulegoak atzerriko eta bereziki tokiko bisitariengan jarri nahi du arreta. Bestalde, Euskoarekin egindako partaidetzari esker, turismoaren ekonomia lurraldearen zerbitzura jartzea ere xedetzat dute.

"Euskal Pass" eskaintzak, besteak beste, Kanboko Arnaga etxea bisitatzeko aukera emanen du.
"Euskal Pass" eskaintzak, besteak beste, Kanboko Arnaga etxea bisitatzeko aukera emanen du.

Ipar Euskal Herriak badu “Euskal Pass” izeneko eskaintza. Europako hiri nagusietan “City Pass” izaten den bezala, bertako eta kanpoko bisitariei txartel bakar baten bidez lurraldeko berrogei leku ezagutzeko eta bisita gidatuak egiteko aukera eskaintzea da helburua. Publikatu den lurraldeko mapa turistiko berria eta bere bertsio interaktiboa sortu berri den web atarian ikusten ahal da. 

"Euskal Pass" eskaintzak bi aukera ematen ditu: 48 orenetarako baliagarria den “asteburua” bertsioa, asteko edozein egun izanik ere. Eta “egonaldia” bertsioa, hiru egunetarako baliagarria (segidan edo ez), lehen bisitatik 14 eguneko epean. Lehen ereduak 17 euro balio ditu (haurrentzat 12) eta bigarrenak 27 euro (haurrentzat 18).

Pasea internetez eskura daiteke, baina fisikoki nahi duenak ere gisa horretan eskuratzen ahalko du. Behin aktibaturik, "Euskal Pass"-ek leku ezberdinetara sartzeko bidea emanen dio bisitariari, mementoan ordaindu behar izan gabe. Euskal kostaldean, erraterako, Biarritzeko Ozeanoaren Hirira edo Baionako Euskal Museora eta barnealdean, Ospitalepeko elizara edo Urdatxeko Verna leizera, batzuk aipatzearren.

Turismo jasangarria xede

Euskal Elkargoaren bide orriaren xedeetako bat da landa eta mendi-eremuen erakargarritasuna lantzea eta bisitariak espazioan eta denboran hobeki banatzea, turismoaren garapena jasangarriagoa izan dadin. Hala azaldu du Daniel Olzomendi turismoaz arduratzen den kontseilariak.

“Euskal Herriko lehen bisitariak euskal herritarrak dira”, dio Izurako auzapez ere badenak. Turismoaren garapena batez ere tokiko populuaren zerbitzura egon behar dela uste du. “Ez dugu bisitariarentzat ezer berezirik sortzen, bizizaleentzat baizik. Mugikortasunaren, etxebizitzaren eta aterpetzearen bidez lurraldea gehiago egituratuz, erakargarriagoa bilakatzen da”, adierazi du Olzomendik.

“Hau lehen estaia da”, erran du Nicolas Martin Euskal Herriko Turismo Bulegoko zuzendariak. Luzera begira, erakunde honek aterpe lekuekin partaidetzak egiteko asmoa du eta baita, bi urteren buruan Mugikortasun Sindikatuarekin ere. Azken hau Txik Txak izeneko garraio txartel bakarra sortzea planteatzen ari da.

Oporrak euskotan

Euskal Moneta abentura berri batean sartu da, “oporrak euskotan” ekimenaren bidez. Lurraldeko 18 turismo bulegotan eskainiko zaie turistei, aukeran 20 edo 50 eurotan. Gutun-azalek 18 edo 48 euskotako kopurua izanen dute billetez, bi euskoko balioa duen behin-behineko txartelarekin eta euskal moneta erabiltzen duten saltegien, ekoizleen, aisialdi ekimenen nahiz merkatuen gida batekin.  

Bisitari “arduratsuari” eskainiko zaion kit honek euskaraz elkarrizketa izateko hiztegi ttiki bat ere jasoko du. Dante Edme Euskal Moneta elkarteko zuzendariaren ustez, bisitariak ekonomiaren birtokiratzean, enpleguaren eta ingurumenaren defentsan eta euskararen sustapenean parte sentiaraztea da helburua.