Kazeta

Baxe Nafarroa gibelean utzi du Euskarabenturak

Nafarroa Garaian sartu da EuskarAbentura uztailaren 5 honetan. Orreaga bisitatu ondotik, Iruñeko Sanferminak ezagutzeko parada izanen dute espedizioko parte hartzaileek.

Xiberoa eta Baxe Nafarroako hiru etapak gaindituta, EuskarAbentura sartu da Nafarroa Garaian. 46 kilometro bizkarrean, 121 neska mutilak autobusez heldu dira Auritzera. Orreagako kolegiata bisitatzeko aukera izan dute gaur eta Asisko Urmeneta izan dute lan honetan gidari, Naiz atariak azaldu duenez.

Bihar bideari berrekingo diote Zubiri helmuga, eta, igandean sanferminak gertu-gertutik bizitzeko aukera izango dute Iruñeko kaleetan.

Uztailaren lehen egunean elkartu ziren parte hartzaileak Mauleko Jai Alai frontoian. Espedizioaren oinarriak azalduta, herria bisitatu eta Mitxel Etxebest auzapezak harrera egin zion espedizioari. Xiberoa eta Baxe Nafarroa arteko mugan igaro zuten bigarren gaua, Pagola herrian.

Gaua dantzan bukatu ostean, Jutsira abiatu ziren hilaren 3an. Ipar Euskal Herri barnealdean bizi eta lan egiten duten hainbat lagunekin hizketan aritzeko aukera izan zuten gazteek bertan, tartean, Joana Hoki (Azia Elkarteko kidea), Kaiet Barberarena (Euskal Laborarien Batasuna sindikatuko partaidea), Joana Duhalde (Kanaldude Telebistako langilea), Jean Claude Aguerre (Pagolako pastoraleko kidea), Gexine Tikoipe (Gazi Gose katering enpresaren sortzailea) eta Leire Bidart (Lakarrako Ttinka haurtzaindegiko zuzendaria, Baxe Nafarroako aurreneko haurtzaindegi euskalduna).

Atzoko etapa Donibane Garazi artekoa izan zen, Ipar Euskal Herriko azken etapa. Eguzki indartsua bidaide zutela osatu behar izan zuten 25 kilometroko ibilbidea. Bertan, Xan Aire Seaskako hizkuntza politika arduradunaren eta Garaziko Gaztetxeko gazteen konpainian ibili ziren karriketan gora eta behera.

Gaurkoan, Ibañetako portuan gora eta behera, Auritzera heldu da espedizioa. Orreagako kolegiata bisitatu dute, bigarren urtez Asisko Urmeneta ilustrazailearekin batera. Bertan, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Administrazioekiko Harremanetako funtzioan den kontseilariak harrera egin die parte hartzaileei.

Sorginaritzagako basoan barrena oinez bueltatuko dira Auritzera ibaiko zaborra jasotzeko auzolana egiteko. Zaborraren kudeaketa gai garrantzitsua da espedizioarentzat eta egunero sortutako zaborraren neurketa egiten ari dira, sortzen dituzten hondakinen jabe izateko.