Maite UBIRIA

Paxkal Indo Garapen Kontseiluko lehendakari berria hautatu dute

Caroline Phillipsek dimisioa aurkeztu ondotik, presidentearen funtzioa behin-behinean Phillipe Maiteren esku gelditu zen. Ekainaren 28an iragan zen bozketan Paxkal Indo hautatu dute Garapen Kontseiluko lemazain berria izateko.

Paxkal Indo, eskuinean, Garapen Kontseiluko presidente berria. (Bob EDME)
Paxkal Indo, eskuinean, Garapen Kontseiluko presidente berria. (Bob EDME)

Bulego berria ontzat ematearekin batera, lehendakari berria hautatzeko bozketa egin zuten, ekainaren 27an, Lehuntzeko Errobi-Aturri lurralde poloan, Naiz atariak argitaratu duenez.

Ikasturte bukaerarekin Seaskako presidentetza utzi duen Paxkal Indo izan zen boto gehien jaso zuen hautagaia. 29 orotara. Enpresaren eremutik datorren Xabi Harispek (Pirinio Atlantikoetako Laborantza Ganbaran hautatua, La Republique en Marche alderdian engaiatu da) 12 boto eskuratu zituen.

Barne krisia gainditu

Haien hautagaitzak defendatzeko, bai Indok bai Harispek haien motibazio gutuna eta elkarte proiektua presentatu zituzten. Xabi Harispek Garapen Kontseiluaren eta lurraldearen erdigunean jarri nahi izan zuen lehen baloreetako bat elkartasuna da. Paxkal Indok, bere aldetik, herritarren parte hartzea proposatu zuen. «Ene iritziz, demokrazia parte hartzailerako gure lurraldearen beharrei ongien erantzuten dien tresna da Garapen Kontseilua», erran zuen bere gutunean.

Zuzendaritza berriak azken hilabetetan izandako gorabeherak atzera utzi eta ibilbide berria finkatu beharko du, besteak beste Euskal Elkargoarekin harremanak gogoetatuz.

Martxoan, Caroline Phillipsek presidente izateari utzi zion eta berarekin Françoise Pautrizel diruzaina eta haren laguntzaile Isabelle Charritonek ere kargua utzi zuten.

Euskal Elkargoaren sorrerarekin hasitako berrantolaketaren ondorioz arraberrituriko egituraren (%75ean) buruan, Philippe Maytek Philippe Arretz zuzendariarekin batera iritzi zutabe bat idatzi zuen, krisi honen ondotik Garapen Kontseiluko kideek dituzten desafioak nabarmenduz: «Demokrazia parte hartzailearen adibide bat izaten jarraitzeko, eredu honek etika zorrotz bat suposatzen du, bai eragileen arteko debateetan, bai 300 kide dituen (lurraldeko 110 elkarte nagusiak ordezkatuz) elkarte baten gobernantzan».