Kazeta

Haurtzaroaren intimitatea Nahia Garat argazkilariaren begiradatik

Nahia Garat argazkilari gaztearen “Islada” erakusketak udalekuen bizipenak islatu ditu. Lan analogiko hau ikusgai izanen da Begirada 2019 proiektuaren baitan Amikuzeko mediatekan zein Zato tailerrean antolatutako erakusketan.

Nahia Garat bere kontu ari da 2014 urteaz geroztik. ©Nahia Garat
Nahia Garat bere kontu ari da 2014 urteaz geroztik. ©Nahia Garat

Bakardadea, isolamendua, elkar ezagutza. Milaka dira haurtzaroaren garaian ezagutzen diren sentimenduak. Udalekuak nerabeei sentimendu horiek ezagutzeko parada eskaintzen die maiz. Esperientzia horien lekuko dira uda bakoitzean. "Islada" deituriko erakusketan, Nahia Garatek lekua eman nahi izan dio gazteen intimitateari.

Bost urtez, 2013tik 2017ra, uda oroz Nahia Garat argazkilari gazteak Marans, Loudenvielle, Contis, Rivière-sur-Tarn, Rocamadour eta Sanguineteko udalekuak ezagutu ditu. Bertan zeuden gazteekin elkartu da eta potreten bidez oroitzapen pertsonaletan murgildu da.

Nahia Garatek bere argazkiak erakutsiko ditu Begirada 2019 proiektuaren baitan. Hastapen batean, ekainaren 3tik 30era Amikuzeko mediatekan ikusten ahalko dira. Ondotik, uztailaren 1etik abuztuaren 31era Zato tailerrean erakutsiko dira, argazkiak erosteko aukerarekin.

Nahia Garat 2010az geroztik lanean dabil bere esperientzia arlo guztietara zabaltzeko. 2012an bere formakuntza sendotu zuen bi urtez ETPA Tolosako argazkilaritza eskolan. 2014az geroztik bere kontu ari den argazkilaria MEDIABASKen kolaboratzailea izan da usu.