Kazeta

Prokuradoreak uste du Urruñan zendutako emaztea tiroz hil zuela bikotekideak

Poliziaren eta Baionako prokuradorea den Samuel Vuelta Simonen ustez, Urruñan zendutako emaztea tiroz hil zuen gizonak. Ondotik, bere buruaz beste egin zuela diote. Urruñan bizi zen bikoteari autopsia eginen diote ekainaren 19 honetan.

Oleta auzoan kokatutako etxe batean hilik atzeman zituzten ekainaren 18an. ©Guillaume FAUVEAU
Oleta auzoan kokatutako etxe batean hilik atzeman zituzten ekainaren 18an. ©Guillaume FAUVEAU

Angelo eta Mayie Nerviren alaba batek aurkitu zituen, atzo goizean, bien hilotzak Urruñako beren etxean. Claude Cheysson Atzerri ministro izan zenaren etxaldean atezain gisa lan egindakoak ziren senar-emazteak eta oraindik ere han bizi ziren, Urruñako erdigunearen eta Oleta auzoaren artean, Bettiri Baita bidearen 110. zenbakian. Cheyssonen oinordekoak dira egun etxaldearen jabeak, Garako artikuluak azaldu duen bezala.

Senar-emazteen alabak eman zien abisua larrialdi zerbitzuei, baina iritsi zirenerako hilik zeuden biak.

Dagoeneko abian den ikerketak argituko du zehazki zer gertatu zen, baina Donibane Lohizuneko poliziek bildutako lehen datuek adierazten zutenez, gizonak tiroz hil zuen emakumea eta ondoren arma bera erabilita egin zuen bere buruaz beste.

“Mediabask”-i eginiko adierazpenetan, Samuel Vuelta Simon Baionako fiskalak ere adierazi zuen hori dela hipotesi nagusia.

Bi gorpuak Bordelera eraman zituzten, gaur auzitegi-medikuek autopsiak egin diezazkieten. Horien emaitzekin, eta bikotearen senide eta gertukoen artean egiten ari diren galdeketekin, espero dute jazotakoa argitu ahal izateko froga eta datuak biltzea.