Kazeta

Jendearen hondakin berdeak murrizteko kanpaina abian

Hondakinen tratamenduaz arduratzen den zerbitzu publikoak, herritarrek hondakindegietara eramandako hondakin berdeen kantitateak murriztu nahi ditu. Etxeetan, ekintza eko-arduratsuak garatuko dituen plan bat martxan ezarri du: Baratze Zero hondakin operazioa.

Bardozeko hondakindegian presentatu zen jendeen hondakin berdeak murrizteko kanpaina. @CommunautePB
Bardozeko hondakindegian presentatu zen jendeen hondakin berdeak murrizteko kanpaina. @CommunautePB

Bil Ta Garbi sindikatua 2004an sortu zenez geroztik, herritarrek hondakindegietara eramaten dituzten hondakin berdeen kopurua emendatu egin da. Urte horretan 52 kilo ziren biztanleko eta 2018an 75 kilo. Horrek herritarrek eramaten dituzten hondakin guzien herena suposatzen du, 24.000 tonatik gora sindikatuaren hogeita hamar instalazioetan. Hondakin berdeak planetarentzat ez dira plastikoa edo pakete ontziak bezain kaltegarriak, baina arazo bat ekartzen dute hondakindegietan.

Hori dela eta, herritarrek praktika eko-arduratsuak har ditzaten bultzatzeko, Baratze Zero hondakin operazioa abiatu dute Bil Ta Garbi sindikatuak, Euskal Elkargoak eta Uhaitzen Bearno Herri Elkargoak. Bi ardatz izanen ditu kanpainak: praktika berrien lehen irakaspena eta formazioa batetik, eta bestetik, informazioa eta praktika berrien sustatzea. Azken honetarako bi gida-liburuxka argitaratu ditu Bil Ta Garbik.

Ekainean zehar hainbat herritako hondakindegietan hitzorduak antolatu ditu herritarrei xehatze prozesua nola egiten den ezagutarazteko. Jarduera hauen eta oro har kanpainaren inguruko informazioa hemen klikatuz aurki daiteke.