Kazeta

Aurtengo Lurramaren gaia klima izanen da

Laborantza herrikoiaren azoka azaroaren 8tik 10era iraganen da Biarritzeko Irati gelan. “Klima, bizia da” lema hautatu dute aurtengo ediziorako eta urtero bezala, gaia osotasunean tratatuko da, bai orokorki bai lokal mailan. Gomitatu nagusiak eta konferentzien egitaraua presentatu dituzte.

Lurramaren 14. edizioa azaroaren 8, 9 eta 10ean izanen da Biarritzeko Irati gelan. ©Guillaume Fauveau
Lurramaren 14. edizioa azaroaren 8, 9 eta 10ean izanen da Biarritzeko Irati gelan. ©Guillaume Fauveau

Euskal Herriko Laborantza Ganbarak (EHLG) jadaneko iragarri ditu Lurramaren aurtengo edizioaren data eta gai nagusia. Laborantza herrikoiaren azoka azaroaren 8, 9 eta 10ean izanen da, azken urteetan bezala Biarritzeko Irati gelan. Gaiari dagokionez, klimari eman nahi izan dio garrantzia, berotzeak naturarentzat ez ezik, jendartearen biziarentzat ere izaten ahal dituen ondorio kaltegarriak ikusirik.

“Laborantza herrikoiak ingurumena, kontsumitzaileak eta laborariak errespetatzen ditu. Kliman, elikaduran eta osasunean dituen eragin baikorrak azaldu nahi ditugu eta argira eraman lokalki jokatuz ikuspegi zabalago bat elikatzen dugula”, azaldu dute prentsaren aitzinean.

Parte hartzaile ospetsuak

2019ko azokako gazama Valerie Masson Delmotte frantziarra izanen da, GIEC-eko (klima aldaketari buruzko gobernu arteko taldea) kopresidentea. Gazaita berriz, Piero Sardo italiarra eta Slow Food eta Bioaniztasuna fundazioko presidentea izanen da.

Azaroaren 8an ostiralarekin, 11:00tan bi adituek “Klima eta bioaniztasuna, gure elikadura jokoan?” konferentzia eskainiko dute, bi mendetan giza jarduerak planetan eragin izan duen neurrigabeko beroketa klimatikoaren ondorioak eta bizitzea mehatxatzen duen bioaniztasunaren apaltze larria azaltzeko.  

Gizarte zibilak eta jendartearen mobilizazioak ere protagonismoa izanen dute lehen egunean, hiru erakundetako kideen partaidetzarekin: Marie Toussaint “Notre affaire à tous” gobernuz kanpoko erakundearen lehendakaria, Fridays for future Pays Basque ikasle taldeko ordezkariak eta Bizi! Mugimenduko Malika Peyraut. Arratsaldeko 17:00tan hasiko da saioa.

Aclimaterra txostena aztergai

Azaroaren 9an 11:00tan klimarekiko bateragarria den hazkuntzaz mintzatuko dira Paul Aries elikadura aditua eta Xole Aire Urepeleko hazlea. 15:00etan berriz, bertako laborantza praktikak hobetzeaz eztabaidatuko dute Euskal Herriko bost etxaldetako laborarik, klimarentzat onak diren adibide zehatzak aurkeztuz.

Azken konferentzia arratsaldeko 17:00etan iraganen da. Akitania Berria Eskualdean klimaren garapena neurtzen duen Aclimaterra txostena izanen dute hizpide Hervé Le Treut elaborazioan lan egin izan duen klimatologoak eta Françoise Coutant Akitania Berriko presidenteordeak. Eskualdean klima aldaketaren ondorioak eta egoerari buru egiteko aholkuak jasotzen dira udazkenean argitaratu zen azken bertsioan.

Lurrama azokaren egitarau osoa urrian jakinaraziko dutela iragarri du EHLG-k.