Kazeta

Irailean epaituak izanen diren 47 auzipetuek laguntza ekonomikoa galdegin dute

Euskal presoen eskubideen alde aritzeagatik irailaren 16an Madrilen epaituak izanen diren 47 euskal herritarrek 338.000 euro inguruko "gastu itzelari” aurre egin beharko diotela ohartarazi dute. Elkartasunerako deia luzatu dute, horretarako kontu korronte bat idekiz.

Kanpezun bezala, auzipetuen herrietan bilkurak egiten ari dira jendartearen sustengua jasotzeko. @47akHerrian
Kanpezun bezala, auzipetuen herrietan bilkurak egiten ari dira jendartearen sustengua jasotzeko. @47akHerrian

11/13 sumarioan irailaren 16an epaituak izanen diren 47 euskal herritarrentzat fiskalak orotara 601 urteko kartzela eskaera egin du. Haietako bakoitzarentzat ondorio biziki larriak lituzkeen gisa horretako egoera aitzin, beste “karga handi” bati egin beharko diote aurre: prozesu judizial osoak suposatuko duen galera ekonomiko handia.

Euskal presoen eskubideen alde aritzeagatik auzipetuak direnek ohar bidez jakinarazi dituzte gastu horien kopuru izugarriak: orotara 337.462 euro ordaindu beharko dituzte, haietako bakoitzak 7.180. Gastu horietan asistentzia juridikoa, bidaiak eta egonaldiak sartzen dira, eta ez soilik auzipetu bakoitzarenak, baita abokatu eta lekukoenak ere.

“Langileak gara. Gutako askok zailtasun handiak izango ditugu epaiketa honek suposatuko tuen galera ekonomikoari aurre egiteko”, adierazi dute oharrean, haien bizi laboralean ere eragin handia izanen duela azpimarra egitearekin batera. Eszedentziak edo opor egunak hartu beharko dituzte eta langabezian direnen arazoak ere aipatu dituzte, bereziki soldatapeko lan bat atzemateko.

“Orain gu gara laguntza eske gatozenak”

Badakite gisako egoeratik pasatzen ez direla lehenak, gertutik ezagutu eta sentitu izan baitituzte aitzinetik egoera bera jasan behar izan duten ehunaka euskal herritarrek bizitako egoerak. “Halakoetan, gure aletxoa jarri dugu ekonomikoki ere laguntzeko, baina orain gu gara ataka horretan gaudenak, laguntza eske gatozenak”, azaldu dute elkartasuna ematean eta jasotzean oinarritzen dela nabarmenduz.

Ildo horretan, auzipetuentzat ez da erosoa laguntza eskatzen ibili behar izatea, baina beren hitzetan, “egoera zailean dagoenari lagundu behar zaion bezala, egoera zailean dagoenak ere laguntza eskatzen jakin behar du”.

Hain zuzen ere, heldu den irailaren 14rako Bilbon manifestazio handi baterako deia egin duten 47 euskal herritarrek kontu korronte bat ideki dute, nahi duen orok bere elkartasun ekonomikoa eman dezan: LABORAL KUTXA ES82 3035 0057 9205 7005 9033.